Euskararen egoera Azkoitian, Bada kezkatzeko arrazoirik?
Abenduaren 5ean Maxixatzeneko kide den Karmen Irizar izan genuen Floreagan hizlari. Euskararen Eguna izan berri zelarik, hitzaldi ireki bat antolatzeko aukera aproposa iruditu zitzaigun. Hona hemen berak eginiko laburpentxo bat.
Euskararen hautematea Azkoitian: gaixo den gorputzaren diagnostikoa
Herri euskalduna omen den batean harrigarri ziren datuek atentzioa emanda hasi ginen Maxixatzen euskaldunon elkartekoak azkoitiarron bizitzan euskarak nolako eragina zuen aztertzen. Harrigarri generitzon, esate baterako, liburutegian mailegatzen diren 10 liburuetatik 8 gaztelaniazkoak izateari, herriko hainbat taldek ingelesez kantatzeari edo tabernetan euskal musika ez entzuteari. Igual izan zitekeen normala, baina guk traza txarra hartzen genion.
Atera nahi genituen datuak biltzeko geuk prestatutako inkesta pasa genien Urola ikastolako batxilergoko ikasle guztiei, eta 19-80 urte bitarteko 57 lagunekin 8 eztabaida talde egin genituen 2011ko maiatzeko bi larunbat goizetan. Esan gabe doa solasaldi biziak eta argigarriak izan zirela guztiak.
Hiztuna norbanako gisa, hiztunok osatzen dugun komunitatea eta hizkuntza bera hartu genituen ardatz.
Euskal Herriko beste hainbat herriekin konparatuta oso egoera onean gaudela onartuta ere, hizkuntz egoera normalizatutik urruti dago oso Azkoitia. Ez galdu beharrean, baina bai azkoitiarrok uste dugun baino egoera kaskarragoan. Oharkabean bezala, gaztelaniak gure bizitzako esparru asko betetzen ditu, eta euskaraz ere hizketan ondo moldatzen gara baina idatzi edo irakurri egin behar denean herren gabiltza 10etik 7.
Arazo nagusia, hala ere, ez da egoera bera, egoera hori ulertzeko gai ez garela baizik. Badakigu gauzak ez daudela behar luketen bezain ondo baino ez dugu egoera hori esplikatzeko azalpenik, are gutxiago gaixoa sendabidean jartzeko formularik eta nekez konpontzen da arazo bat deskribatzeko gai bagara bakarrik. Esplikazio teorikoa, zergatik eta nola behar da jakin konponbidea bilatuko bazaio.
Azkoitiarrok euskaraz bizi garela eta harro egoteko motiborik badugu, baina ez gaitzala harrokeriak itsutu. Errepara diezaiegun itoginei eta hasi gure egoera esplikatzeko klabeak eman diezazkigun jendearekin elkarlanean. Horrela egin ezean, uste baino lehenago pasako da gripe txar bat dena minbizia izatera.
Hitzak: Karmen Irizar










Utzi erantzuna