
Gaur, otsailaren 4a, asteazkena, Santa Ageda bezpera dela eta, kopla kantari ibili gara ikasleak eta irakasleak. Eguraldiak lagundu digu, eta giro ezin hobean ospatu dugu eguna. Guztiok prest genituen koloretako zapiak eta makilak.
Goizean goizetik, DBH4ko ikasleak kaleetan zehar ibili gara, bertan zeuden pertsona ezberdinei koplak kantatzen eta limosna eskatzen: erretoreari, harakinei, baserritarrei, tabernariei eta kaleko jendeari.
Goizeko 11ak aldera, HHko eta LHko ikasleak ere ilusio handiz jaitsi gara herrira. Parrokian eta kale nagusian ahotsak eta makilak gogor astindu ondoren, zaharrenak eta txikienak elkartu eta elkarrekin gerturatu gara udaletxera alkateari kopla batzuk abestera. Aurten ere sorpresa ederra jaso dugu alkateak guri koplak eskaini dizkigunean.
Goizari amaiera patioan eman diogu, guraso eta aitona-amonen aurrean koplak abestuz. Oso ondo pasa dugu, alaitasunez eta ilusioz beteriko eguna izan da. Guztiok geure kultura eta ohiturak transmititzen jarrai dezagun!











Utzi erantzuna