Pena hartu dugu gaur goizean (2015-01-29) Jose Manuelen heriotzaren berri jaso dugunean. Jakitun ginen azken egunetan une hau iritsiko zela, baina pertsona maite batek lagatzen gaituen unea beti da mingarri.
Gogoan dugu Floreagan 25 urtez lanean aritzeagatik jasotako lankideen omenaldia. 2014ko ekainean bere erretiroa ospatu nahian ere ekitaldi xumea prestatu genion bazkari baten inguruan. Irakasleen opariez gain, bera tutore izandako azken taldeko ikasleak joan ziren bazkarira aurreskua dantzatzera eta bertsoak kantatzera. Hura poza Jose Manuelena! Eta nola ez ba! Azken egunetan ere aipatzen zuen: “esan irakasleei hemen dudala beraiek omenaldian oparitutako erlojua”.
Ezin dugu ahaztu Jose Manuelek Floreagan egindako lan guztia. Asko dira hainbeste urtetan bere klaseak jaso dituzten ikasleak. Ziur gaude denek oroitzapen onak izango dituztela. Berak biziki maite zituen euskara, euskal kultura. Hori bere eguneroko ekintzetan antzematen zen. Ezin dugu aipatu gabe utzi antzerkirako zuen zaletasuna. Zenbat antzerki asmatu ote zituen bere ikasleek antzez zitzaten! Baina Jose Manuel hori baino gehiago zen, bere pazientzia eta bere goxotasuna nabarmenak ziren . Maite zituen bere ikasleak, eta bere ikasleek hori antzematen zuten.
Ezin dugu laga aipatu gabe klaseak emateaz gain Floreagako Kultur Jardunaldietan egiten zuen lana, bai antolatzen, bai aurkezten ere.“Gure Artean” aldizkaria egitea bere proposamena izan zen. Bera izan zen gaur egun ezagutzen dugun aldizkariaren lehen bultzatzailea. Zinegotzi lanetan ere aritu zen lau urtez herriaren zerbitzura.
Musika ere gustuko zuen, edozein txistu inguruan zuela han zen bera bere danborrarekin aita zenaren eta anaiaren bidea jarraituz.
Honetan guztian asko eta ondo irakatsi zigun. Baina hau gutxi balitz gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean irakatsitakoa ez da gutxiagorako izan. Azken egunean bere inguruko pertsonak agurtu nahi izan zituen. Irakasleak bere etxetik pasatzea nahi izan zuen azken agurra ematera eta jasotzera. Jakitun zer zetorkion. Horren aurrean bere hitzak ziren: “ lasai nago, pakean eta pozik”, “ ez zaituztet triste ikusi nahi”. Eta horren aurrean , zer egin? Ba, entzun eta ikasi. Maisua azken lezioa ematen ari zen.
Irakasleen aurrean “Floreaga” gogoratu eta aipatzen zuen, baita “On Bosco eta Maria Auxiliadora”. Oso gogoan zituen bere ikasleak, hantxe zeukan etxean jarrita bere azken taldearen argazkia.
Ez genuke bere familia ahaztu nahi. Beraientzat da kolpe handiena. Animo Isabel, Jagoba eta Ibon, baita gertuko familia ere. Hor izango gaituzue!
Ziur gaude gauza gehiago eta hobeak idatz zitezkeela Jose Manueli buruz, barkatu ahaztutakoak.
Hauxe izan nahi du Floreaga osatzen dugun guztion omenaldi xumea.
Hau baino gehiago merezi huan, gutxiago inoiz ez!
Guretzat ohore bat izan dek hirekin lan egitea, hire lagun izatea eta hi ondoan edukitzea.
GOIAN BEGO!
Ederra benetan idatzi duzuena eta guztiz ados nagoena, bere ezkutuan malkoa botatzeko eskumena hartu dut. Barka diezadala.
Nire izenean eta Txalkor Txistulari talde eta eskolaren izenean ere milaka esker eman nahi dizkiot txoko honetatik, badakit asko maite gintuela, gertutik jarraitzen gintuela, beti zoriontzen gintuen, beti txalotzen.
Betirako izango dut eta dugu ezagutu genuenok bere irudia tanbor jole bezala, hainbeste dantzari txiki egun eta kalejira edo eta bestelako ekitaldi eta hauen inguruan sortzen zen giroa, ez baitira ahazterrazak.
Bihoakie gure aldetik ere doluminik sakonena bere senide eta hurbilekoei.
Guztiz adoz idatzi duzuenarekin.
Gure sentipenak hobeto ezin adierazi.
Mila esker Jose Manuel gure seme alabei emandako guztiagatik, baita ere gurasoei irakatsitakoagatik eta ikastetxearen alde egindako lan guztiagatik.
Nere dolumimak senideei ,lagun eta Floreaga ikastetxea osatzen dezuten guztioi.
Benetan hutsune haundia……Persona izugarria esta baita irakasle ERE.
Goian bego