Zer ederragorik ikasturtea amaitzeko lankideok mahai baten inguruan elkartzea baino!
Are ederragoa izan daiteke gure bi lankideren lana aitortzea! Aurtengoan Juan Carlos Floreagan 25 urtez aritu izana eta Jose Manuelen erretiroa ospatu nahi izan ditugu.
Pozgarria da ikustea, entzutea eta sentitzea une labur batean lankideen, lankide ohien eta ikasleen esker hitzak!
Pozgarria da, Jose Manuel, etapa baten bukaeran zure azken ikasleak bazkarira agertzea zure omenez aurreskua dantzatzera, bertsoak abestera eta beraien ilusio handienaz sinatutako taldeko argazkia ematera! Era berean, pozgarria da lankide izan dituzunek zure inguruan esker hitzak baino ez izatea!
Pozgarria da, Juan Carlos, Floreagan 25 urte betetzean zure lankideak inguruan izatea eta egindako lana eta emandako laguntza aintzat hartzea! (Argazki album batean asko sartzen da, baina ez guztia).
Pozgarria da hazia ereitea! Pozgarria da hazia hazten ari dela ikustea! Pozgarria da hazia lore eder bihurtu dela ikustea!
Pozgarria da ibilbide baten 25. urtemugan edo etapa baten bukaeran lore horiek guztiak inguruan izan, lore sorta bat osatu, eta zuen egunari kolorea eta bizia ematea!
Bideo grabazioa: Leyre Ortiz
IKASLEEN BERTSOAK JOSE MANUELI
Egilea: Mailu Irizar
Inguruko klaseko
lan eta azalpenak
idazle euskaldunen
datu ta aipamenak
Barrian egindako
antzerki ederrenak
gogoan ditugu gaur
deitaile hoiek denak.
Nahiz eta gaur agian
zauden zu urduri
lasai zuk erein dezu
hazia ugari
bihotzez mila esker
Jose Manuel, zuri
asko izan delako
zuk emana guri
JOSE MANUEL
Egilea: Juan Inazio Sudupe
Doinua: Aita izena…
Erretiroak berekin dakar
merezi den atsedena,
baina gurekin barruan doa
sufrimenaren eztena.
Izan ezazu gora begira
borrokarako kemena.
Ez zaizu falta zure lagunon
beroa (e)ta miresmena,
gai hon(e)tan ere, guretzat zara,
irakaslerik onena.
Orain bi urte, jaso zenuen
hemen beste txalo andana;
zein gertu dauden etorkizuna,
oraina eta iragana.
Ez zaigu ahazten zuk hain luzaro
gure_onerako emana.
Gure etxean bizi dituzu,
ilusio, lana,… dana!
Guztion eskerrona har (e)zazu:
besarkada handi bana.
Doinua: Aiza izena…
JUAN CARLOS
Egilea: Juan Inazio Sudupe
Doinua: Itsasoari begira
Isil-isilik igaro dira
hogeita bost urte jada,
maldan behera, aldapan gora
aldakorra abiada,…
Umeak hezten ahalegintzea
gauza zoragarria da.
Beldurrik gabe esan dezagun
Juan Carlos zure errua da
neurri handian, gaur Floreaga
kalitatezkoa bada.
“Ekatzu hona koaderno hori,
zuzendu dezagun gaia,…
etxeko lanak e(g)in al dituzu?
zer modua da zure anaia?”
Joseba, Ana… (e)ta ume hauek
familia giroan saia.
Biak batera, ahalmena (e)ta
denei laguntzeko nahia…
Eskerrik asko, zaitugulako,
horren langile eta alaia!
Utzi erantzuna