
Jakin izan bagenu, agian, ihes egingo genukeen atzera begiratu gabe; baina jakin izan bagenu, segur aski bizitakoa errepikatuko genukeen, duda izpirik gabe.
Ez da hainbeste denbora igaro azken pisuko goi mailetako erraldoiei miresmen osoz begiratzen genienetik, gure ustetan oso azkarrak eta handiak baitziren, bitartean guk mateko klasetan 5×5=25 egiteko zailtasunak genituelarik. Gu gara gaur ume erraldoi horiek, eta aitortuko dizuet ez dela hainbesterako: Ez gara azkarragoak, ezta miresgarriagoak ere, gazte bihurtu garen umetxo haiek besterik ez.
Gure Floriako bidaia 2-3 urterekin hasi zen, gainera zetorkigun guztia jakin gabe. HH hasierako argazkiak gure negarren testigu dira, hasierak ez baitira izaten errazak inorentzat. Ulertezina ume ezezagunez betetako gela batean geratu beharra, are gehiago zure gurasoak egoera horren konplize badira!
LHra beldurrez heldu ginen, erantzukizun berriak zirela eta. Irakasleen oihuen oihartzunek eta zigor beldurgarriek etapa berezi hau markatu zuten. Orainez gozatu besterik ez genuen nahi: Lagunekin denbora pasa, bostetan eskolatik irten, askaria hartu eta korrika batean parkera jolastera, ez genuen besterik behar. Gogoratzen ditut Don Bosko eta Maria Laguntzaile egunen txapelketa gogorrak, Kakute eta Urolaren arteko lehia gupidagabea, ia mitikoa. Energiaz beteriko haurrak ginen, bihurri eta nekaezinak. Ume zoriontsuak… Talde lanari erreparatzen ez badiogu behintzat; lan koperatiboarekin beti borroka, emaitzekin gutxitan ados, irakasleen zoramenerako.
Eta bat-batean Covid-a: Bideo klaseak, maskarillak, garbitasun arau zorrotzak, baina berriro ere lagunez gozatzeko aitzakia; deiak, ordenagailu eta mugikor jokoak, balkoi eta leihoetatik gaixotasuna gailentzeko kantuak iristen zitzaizkigun bitartean.
Gure ibilbidearen azken etapara iritsi ginen Floreagan. Batzuek ziurgabetasunez, beste batzuek urduritasunez, eta askok zalantzaz eta galderaz gainezka. Ziklo berri honetan, gure bizitzako lau urte esanguratsu hauetan gurekin egongo ziren irakasleak aurkeztu zitzaizkigun. Ordura arte ezagutu ez genuen egoera baten aurrean geunden.
Ez nuke jakingo esaten zein unetan hasi zen denbora hain azkar igarotzen; egia esan, zahar sentitzen ari naiz hau esaten. Jakina, ordenagailuak eman zizkiguten urtea nabarmendu behar da: Zalantzarik gabe, irakasle askorentzat buruhauste bat baino gehiago sortu zuen tresna. Bazirudien ez ginela inoiz aspertuko Blocksi ospetsuari iseka egiten saiatzeaz. Izan ere, ausartuko nintzateke esatera irakasle batzuk ere ez dituela erabat konbentzitzen azken honen erabilerak. Hori bai, batzuek portatilak beste batzuek baino hobeto zaindu zituzten… batez ere bereak ez baziren (ezta, Romero?).
Pixkanaka-pixkanaka, gure lehen urteetan mirespenez begiratzen genituen “erraldoi” horiek bihurtu ginen. Eta ia konturatu gabe, hemen gaude: Gure agurra antolatzen azterketa eta azken lanen artean ito gabe mantentzen saiatzen garen bitartean. Azkenean, konturatzen gara jakintsu eta erraldoi ikusten genituen DBH4ko ikasle haiek ez zirela uste genuen bezain eskuraezinak. Orain, haien lekuan gaudenez, batek baino gehiagok pentsatuko luke agian ez zela hain ideia ona honaino iristea.
Lagunok, iritsi zaigu eguna: Erraldoi bihurtutako umeak bagoaz mundu zabalera, elkarrekin hazi eta hezi, baino oraingoan banaka eta ilusioz, gure ametsak bidelagun ditugula. Urte hauek bihotzean gordeko ditugu, altxor modura, gure istoriaren abiapuntu baitira. Milaka pasadizo, barre-algara, haserrealdi eta buruhauste: Euskarako txiste txar eta ametsgaiztoko aditzak; ingeleseko listening-ak, oso gutxitan ulertzen genituenak; gaztelaniako testu-iruzkinak, inoiz ez diruditenak itxaropenen mailan; gorputz hezkuntzako course navette, non ahalegin guztia egiten genuen (gezurti sentitzen naiz hau esaten); fisika eta kimikako formula amaiezinak, zorabiatzen gintuztenak; biologiako eta geologiako genetika, gutxienez liluragarria iruditu zitzaiguna; gerra gatazkak eta gorabehera politikoak, data eta tratatuen artean ulertzen saiatu ginenak; eta, noski, matematikako buruketa beldurgarriak, behin baino gehiagotan kolapsoaren ertzera eraman gintuztenak.
(Aipamen berezia merezi dute 4,8-9ko azterketek, munduan zehar ibiltzeko eskarmentu ahastezina).
Eskerrik asko guztioi: Irakasle, ikasle, guraso eta mikrokosmos honen parte izan diren oroei, une honetan bihotzetan sentimendu gazi-gozoak izan arren, datozen urteetan Floriara begiratu eta gure aurpegietan irrifarra marraztuko dela ziur naiz.










Utzi erantzuna