Esnatu eta leihotik begiratzean zerua lainotuta ikusi genuen eta pixka bat triste jarri ginen, baina hala ere abiatzeko gogoa genuen. Goizeko bederatzietan, aldapa igotzean, maletek ehun elefantek baino gehiago pisatzen zuten baina guri ez zitzaigun axola. Autobusetik gurasoak agurtu eta “Goazen” pelikula ikusiz ordu beteko bidaiaren ondoren Zientziaren Kutxagunera iritsi ginen. Han izugarrizko gauzak zeuden eta gauza horiek ikusteko bisita gidatua egin genuen: majo ikasi eta gozatu genuen han ikusi eta probatutakoarekin! Asko ginenez, batzuk bitartean, tailerra egin zuten eta gero alderantziz; matematikakoa 5. mailakoek eta Eguzki-sistemari buruzkoa 6. mailakoek. Zientziaren Kutxagunetik denok goseak amorratzen atera ginen eta Cristina enea parkera joan ginen. Jolasten, tailerretan, bisita gidatuan, gure ingurura hurbildu zen untxiaren atzetik korrika, paumaren abaniko itxurako buztanari begira… ibili ginen. A zer barre eta algarak!
Gero autobusez Hondarribiko aterpetxera joan ginen. Maletak hustu genituen eta gero jolastera jaitsi ginen. Ume txikiak bezala ibili ginen, zein baino zein gusturago. Jolastu eta gero denok goseak geundenez afaltzera joan ginen. Ondoren gurasoei deitu genien eta bosgarren mailakoek dantzak eta antzerkiak eskaini zizkiguten. Amaitzeko diskoteka egon zen nahiz eta batzuk “el baile de la escoba” nahiago genuen. Hamabietan ohera ume txikiak bezala txintxo-txintxo.
Ostegunean zortzietan esnatu gintuzten dutxatzera joateko. Gosaldu eta seigarren mailakoak itsasontzira joan ginen, itsasoan barna bira bat egitera eta bitartean 5. mailakoak hondartzan ibili ziren. Arratsaldean alderantziz izan zen plana. Itsasontziko bira zoragarria izan zen, guri gehien gustatu zitzaiguna goian joatea izan zen, olatuekin batera gora eta behera ibili ginen eta gora eta behera ibili ziren gure “tripak” ere. A zer iskanbila atera genuen! Baina zer ondo pasa genuen! Arrantzontzi batetik arrain handi bat erakutsi ziguten eta antxoak bota zizkiguten. Arratsaldean hondartzan ibili ondoren erosketak egitera joan ginen. Afalostean seigarren mailakook antzerkiak eta dantzak egin genituen. Ondoren ohera.
Ostiralean ere zortzietan esnatu ginen. Aurreko eguneko builarik ez zen sumatzen maletak egiten ari ginen bitartean. Arropak tolestean aurtengo kanpaldiaren amaiera hurbil genuela besterik ez genuen buruan. Dena txukun-txukun jaso eta maletak gela batean pilatu genituen itzulerako autobusaren zain. Hala ere goizean hondartzan gozatzeko aukera izan genuen eta denbora erraz pasa zitzaigun. Bazkaldu eta gero jolastu egin genuen autobusaren zain geundela. Bostetan iritsi ginen gutxi gora behera Floreagara. Ama guztiak gure zain zeuden. Txarrena da hurrengo urtean ezingo dugula jada Hondarribira joan.
Miren Murua eta Iñigo Orbegozo











Utzi erantzuna