
Aurten ere gogo eta ilusio izugarriarekin joan ginen ikasbidaira, DBH 1ekoei Hondarribiko irteera tokatzen zitzaigun. Lehen egunean, goizeko 8:30ean gurasoak agurtu eta abiatu ginen gure abenturara. Eguraldiarekin zalantza batzuk genituen hasieran, baina azkenean egun zoragarria egin zigun. Aterpetxean maletak utzi ondoren, kostatik buelta polita egin genuen Higerreko itsasargitik pasatuz, Talaia bidea jarraituz eta Guadaluperaino iritsiz. Han bazkaldu eta indarrak hartu ondoren, bertako gotorlekua aztertu, eliza bisitatu eta Hondarribi, Irun zein Hendaia goitik begiratzeko aukera izan genuen. Ondoren, herrirantz joan ginen ibilbide turistiko bat egiteko eta leku ezagunenak ikusteko. Gau partean, aterpetxeko belardi eta kirolguneetan jolasean ibili ginen, lagun berriak egiteko giro ederrean.
Hurrengo egunean, uretako abenturen txanda izan zen. Hondarribiko hondartzan kanoa eta Big Paddle Surf egin genituen. Ur hotzetara salto egin eta igerian ibiltzeko aukera ere izan genuen; Eguraldia kaxkar xamarra zen arren uretan gustora ibili ginen eta asko gozatu genuen. Arratsaldean euri pixka bat hasi zuenez, hasieran aterpetxean egon ginen dantzan eta jolasean eta gero herriko beste leku batzuk ikustera joateko aprobetxatu genuen, eta bide batez, goxoki edo izozki batzuk erosteko ere bai. Aterpetxera itzulitakoan, errealaren partidua ikusi genuen pantaila handian eta gero eguraldiak ez zuenez laguntzen, ping pong, futbolin eta mahai jolasetan ibili ginen lotara joateko ordua iritsi arte.
Azken egunean, nahiko nekatuta geunden arren, Plaiaundi parke ekologikoraino joan ginen. Bertan, hegazti espezie berezi batzuk (batez ere, arrano arrantzalea) eta animalia ezberdinak ikusteko aukera izan genuen prismatikoekin, eta Ekoetxea ere bisitatu genuen. Aurten ere oso ondo pasatu dugu, esperientzia bikaina izan da eta dagoeneko hurrengo urteko ikasbidaia iristeko irrikitan gaude!











Utzi erantzuna