Urtero, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzen dugu, gure planeta zaintzearen garrantzia gogorarazteko eguna da. Zehazki, aurtengo leloa, “Plastikoek eragindako kutsaduraren amaiera” da.
Ba al zenekien urtero 400 milioi tona plastiko baino gehiago ekoizten dela munduan eta plastiko horren zati handi bat behin bakarrik erabiltzen dela? Plastiko horiek oso zailak dira desegiten, batzuk ehunka urte iraun dezakete gure planetan, naturari eta bizidunei kalte eginez. Iaz, 52 milioi tona plastiko inguru hondakin bihurtu zen, gure
ibaiak, itsasoak, mendiak, airea kutsatuz eta animaliak kaltetuz.
Horregatik, naturak gure laguntza behar du. Denok ekintza txikien bidez, plastikoek eragindako kutsadura murriztu dezakegu. Adibidez:
• Plastikozko botilen ordez, berrerabil daitezkeen botilak erabili. Ur botila pertsonal bat izateak plastiko asko gutxitzen du urtean zehar.
• Erosketak egitera goazenean, gure poltsa eraman. Poltsa berrerabilgarriak erabiliz, poltsa bakarreko erabilerari uko egiten diogu.
• Plastikoak behar bezala birziklatu. Birziklapen egokia funtsezkoa da hondakinak aprobetxatzeko eta kutsadura gutxitzeko.
• Erabilera bakarreko produktuak saihestu. Lastotxoak, plastikozko mahai-tresnak eta antzeko objektuak plastikozko hondakin asko sortzen dute.
Aurtengo ospakizun nagusia Hego Koreako Jeju uhartean egingo da, bere ingurumen naturalagatik eta plastikoen erabilera murrizteko egindako ahaleginengatik.
Gogoratu, zure ekintza txikiek eragin handia izan dezaketela, guztiok elkarrekin mundu garbiago eta osasungarriago bat lortzeko.









Utzi erantzuna