Beste urte batez iritsi da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna eta urtero egin ohi dugun moduan, giro bikainean igaro dugu eguna nahiz eta eguraldiak asko ez lagundu!
Goiza trikitilari, txistulari, dantzari eta bertsolariekin hasi dugu. Ondoren, talde bakoitzak, bere gelan, HIZKUNTZA TXIKIEN ARNASGUNEei buruzko lanketa berezi bat egin du. Eta ikastetxeko ikasle guztion artean kartel erraldoi bat ere osatu dugu honako lelo honekin: “HIZKUNTZA GUTXITUEN BASOA, ARNASGUNE GOZOA!”. Izan ere, gure hizkuntzak, euskarak, behar du bere arnasgunea.
Lehiaketek ere izan dute beraien txokoa, ordea. LH eta DBHkoek ginkana bat egin behar izan dute. Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko hainbat galdera erantzun behar izan dituzte eta zein baino zein hobeto aritu dira! Bestalde, DBHkoek, arratsalde amaieran, finala izan dute On Bosco aretoan. A zer giroa sortu den bertan! Hor aritu dira lehian Sugaar, Mari, Olentzero, Jentilak, Tartalo, Sorginak, Lamiak eta Basajaun. Bai, bai, guzti horiek.
Geure ikastetxean ospatzeaz gain, beste ikastetxekoekin ere elkartu gara plazan. Ibilbide desberdinak eginez, trikitilarien doinuan, Plaza Nagusira iritsi gara eta bertan, elkarrekin lau euskal kanta abestu ditugu, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko.
Arratsaldean eguna aldarrikapen berdinarekin amaitu dugu txikienen atarian. HE eta HHkoak ere lan eta lan aritu dira goizean eta arratsaldean, berriz, asmakizunekin, abestiekin eta dantzekin gozatzeko aukera izan dute.
Ez gaitzatela hipopotamo erraldoiek irentsi eta txori txikiek bezala egin dezagun hegan arnasguneen basora!
FLOREAGA EUSKARAZ, EUSKARAREKIN eta EUSKARAREN ALDE!











Utzi erantzuna