Lehen egunean, 8:30etan gurasoak agurtu eta Hondarribirantz abiatu ginen ilusio eta gogo izugarriarekin. Eguraldiarekin gure zalantzak genituen lehen egunerako, baina eguraldi zoragarria egin zigun eta aterpetxean maletak utzi ondoren kostatik buelta polita egin genuen Higerreko itsasargitik pasatuz, Talaia bidea jarraituz, Guadaluperaino iritsiz. Han bazkaldu eta indarrak hartu ondoren, bertako gotorlekua aztertu genuen, eliza bisitatu genuen, Hondarribi, Irun eta Hendaia han goitik begiratu genituen eta herrirantz abiatu ginen. Herrian ibilbide turistiko bat egin genuen, bertako leku ezagunenak ikusiz eta gero aterpetxerantz abiatu ginen. Gauean lagun berriak egiteko aukera izan genuen eta jolasean ibili ginen bertako belardi eta kirolguneetan.
Hurrengo egunean Hondarribiko hondartzatik kanoa eta Big Paddle Surf-ekin Praileen hondartzara eta Amuitz irla ikustera joan ginen. Ur hotzetara salto eta snorkel egiteko aukera izan genuen. Eguraldia lagun izan genuen goizean eta asko gozatu genuen. Arratsaldean euri pixkat hasi zitzaigun eta herriko beste leku batzuk ikustera joateko aprobetxatu genuen (goxoki edo izozki batzuk erosteko ere bai). Aterpetxera bueltan gaubelarako dantzak eta ikuskizunak prestatu genituen afaldu aurretik. Ondoren guztiok elkartu ginen eta gaubela ederra egin genuen dantzak, txisteak, jolasak eta diskoteka txiki batekin gozatuz.
Azken egunean, nahiko nekatuta geunden arren Plaiaundi parke ekologikoraino joan ginen eta han hegazti espezie berezi batzuk eta animalia desberdinak ikusteko aukera izan genuen prismatikoekin. Ekoetxea ere bisitatu genuen.
Oso ondo pasatu dugu egun hauetan eta hurrengo urterako irrikitan gaude!
Utzi erantzuna