Gaur egun askok “hitanoa” hitza erabiltzen dugu, baina Xabier Eizagirrek adierazi zigun moduan “Axkottixen beti HIKE izin den”; “hitanoa” euskara batuaren ondorioz etorri zaigun hitza da. Baina zer da HIKE? Euskarak duen lagunarteko, hurbilekoen artean erabiltzen den hizkera informala da. Nesken artekoari NOKA deritzo eta mutilen artekoari TOKA. Tamalez galtzen ari den hizkera da eta batez ere noka. Hori dela eta, ikastetxean hainbat ekimen burutzen ari gara.
Alde batetik, DBH3ko ikasleek Aizan eta aizak alkarrekin dantzan izeneko 7 orduko ikastaro bat jaso dute. Ikastaro hau Udalaren laguntzari esker izan da eta Xabier Eizagirrerekin burutu dute hamaika ariketa, jolas, abesti eta koplen bidez. Orain Eguzkilore taldeko ikasleak saio berezi bat antolatzen ari dira LHkoei eskeintzeko.
Bestalde, guraso eta familientzako hitzaldi bat antolatu genuen, gure kezka azaltzeko eta transmisioan familiak duen garrantzia ikusarazteko. HIKE, etxetik eskola eta eskolatik etxea izenburua jarri zion Xabier Eizagirre hizlariak eta hainbat irakasle ere bertaratu ziren. Hauek dira Xabierrek landu zituen puntuak:
1. Zer da hike eta noizkoa da?
Etimologiaz aritu zitzaigun eta XV. eta XVI. mendean ere hike erabiltzen zenaren adibideak eman zizkigun:
- Bereterretxen khantorian zubererazko baladan: “ Haltzak ez dü bihotzik, ez gantanberak hezürrik. Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik.”
- Bernart Etxeparek Linguae vasconum primitiae lanaren amaierako kontrapasaren hasieran honela dio: “Heuscara ialgui adi campora”.
- Joanes Leizarragak Aita Gurea itzuli zuenean Jainkoari hika zuzendu zitzaion.
2. Bi hizkera-erregistro
Euskerak XVI. menderako bi erregistro zituen: formala eta lagunartekoa.Azkoitian bi erregistroetan idazten zuten eta duten idazle eredugarriak baditugu: Bizenta Mogel (Ipuin onac-en animaliek elkarri hike), Otsolarre, Martin Itziar, Nemesio Etxaniz, Pedro Irizar, Juan Luis Zabalar, Iñigo Aranbarri, Xabier Euzkitze…
3. Hike atzeraka mendez mende
Euskararen atzerakadarekin batera, hikek oraindik eta atzerakada handiago izan zuen. Eta euskararen berpiztualdiarekin (1975etik aurrera) zuke formala bultzatu zen eskolan eta hedabideetan. Ondorio bezala, bai Euskal Herri osoan eta bai Azkoitian, noka galbidean jarri eta toka eskastu egin zen.
4. Noka diskriminatuta, etxetik
Ahotsak-en jasota dauden hainbat testigantzek berresten digute noka etxetik diskriminatua izan zela: “aixtiei hika eginda, amak kargu hartzen, etxakon gustatzen eta eurek, etortzen zien nebak eta hittano beti. Euren kostunbriek ezien galdu; da guretzako ez euen gure hori”.
Nokak konnotazioak baditu ere (zakarra, zatar, ez fina…), formaz polita da, goxoa da.
Nokaren galeraren arrazoia neskak etxean gehiago izanarena izan daiteke, harremanak ez zituzten jende artean. Mutilak, aldiz, lagunartean, tabernan gehiago ibiltzen ziren. Tokari lehenetasuna, ikusgarritasuna eman izan zaio eta noka, isilpean, ikusezin egon da.
5. Hikek merezi du
Hikek euskarari aberastasuna eta egokitasuna ematen dio. Pertsonak elkarrengana hurbiltzen ditu, konfiantza giroa sortuz. Hikek gazte hizkerako ezaugarriak ditu, esapideak, bizitasuna… Eta hike osoak (noka + toka) genero berdintasuna dakar.
6. “Denok ala inor ez…”
Hike berreskuratzeko, ordea, hiru hanka nagusi dira beharrezko: etxea, eskola eta kalea.
Beraz, ez dezagun daukagun aberastasun hau galtzen utzi eta animatu gaitezen hike egitera. Guk ikastetxean lanean jarraituko dugu eta HIK E EIZAN/ EIZAK HIKE!!!
Utzi erantzuna