Euskararen Nazioarteko Eguna bihar, abenduak 3, bada ere, guk ez genuen ikastetxean ospatu gabe utzi nahi. Hori dela eta, gaur, ostirala, giro bikainean igaro dugu eguna!
Goiza trikitilari, txistulari, dantzari eta bertsolariekin hasi dugu. Ondoren, talde bakoitzak, bere gelan, MITOLOGIAri buruzko lanketa berezi bat egin du. Eta ikastetxeko ikasle guztion artean kartel erraldoi bat ere osatu dugu honako lelo honekin: “IZENA BADU, BADA. EUSKARA BADUGU, BAGARA”. Izan ere, nor izango ginateke gu geure hizkuntzarik gabe?
Lehiaketek ere izan dute beraien txokoa, ordea. LH eta DBHkoek ginkana bat egin behar izan dute. Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko hainbat galdera erantzun behar izan dituzte eta zein baino zein hobeto aritu dira! Bestalde, DBHkoek, 12:30ean, finala izan dute On Bosco aretoan. A zer giroa sortu den bertan! Hor aritu dira lehian Sugaar, Mari, Olentzero, Gentilak, Tartalo, Sorginak, Lamiak eta Basajaun. Bai, bai guzti horiek. Hain zuzen ere, hemendik aurrera gela bakoitza identifikatzeko mitologiako edo inauterietako pertsonaia bat izan dugu. Eta gaurkoan Olentzeroren taldekoak izan dira irabazleak.
Geure ikastetxean ospatzeaz gain, beste ikastetxekoekin ere elkartu gara plazan. Ibilbide desberdinak eginez, trikitilarien doinuan, Plaza Nagusira iritsi gara eta bertan, oholtza gainean, koplak abestu dizkigute Euskaraldia urte osoan izan dadila aldarrikatuz.
Guk ere, eguna aldarrikapen berdinarekin amaitu dugu txikienen atarian. HE eta HHkoak ere lan eta lan aritu dira goizean eta arratsaldean, berriz, asmakizunekin, abestiekin eta dantzekin gozatzeko aukera izan dute. Baina esan bezala, bukaerako ekitaldian mezua plazako berdina izan da: 3. Euskaraldia gaur bukatzen bada ere, HITZEZ EKITEKO GARAIA ez da gaur amaitzen!
FLOREAGA EUSKARAZ, EUSKARAREKIN eta EUSKARAREN ALDE!
Utzi erantzuna