Gure etxean zenbat zapore, umore, kolore… Denok koadro bat marrazten dugu aski dotore. Ezberdinak gara guztiok baina guztien batura da emaitza aberatsa. Zergatik? Ondo baitakigu elkar maitatzen, zaintzen eta gozatzen.
Emozioak nagusi ikasturte amaierako jaialdian eta urte guztiko lanaren emaitza zoragarria Floreaga familia guztia bat eginik.
Euskara bihotzean, haur minbizia, naturarekiko zaintza, autismoa, gaixotasun arraroak, gizarte baloreak, maitasun askea eta genero indarkeria, izan ditugu mintzagai. Guztiak bat, gizarte honetan hain baliotsua dugun errespetua aldarrikatu nahian.
Errespetua guztia eta guztiekiko. Julen Esteban, Marea Urdineko kideak ondo esan zigun bezala “guztiok baikara gizarte honetako partaide eta guztiontzat lekua egon behar baitu”. Gorka Aranbarrik berriz, “Gu ere Marea Urdina garela” baieztatu zigun eta urtean zehar egindako eta hurrengoetarako prestatzen ari garena goraipatuz, Aniztasunaren Lagun Ziurtagiria jaso genuen. Gure zuzendari dugun, Koldo Gurrutxagak jaso zuen saria, Marea Urdina ekimenak duen garrantzia azpimarratuz eta eskerrak emanez ikastetxeko langile, haur eta familia guztion partetik. Jarrai dezagun lanean gizarte inklusibo baten alde, egunerokoan egiten dugun bezalaxe!
Eskerrik asko bereziki gurera lanera etortzen zareten ama-amama taldeari, bertan lanean parte hartu zenuten guztioi eta jaialdiaz gozatzera gerturatu zineten guztioi. Mantendu ditzagun gure etxeko zapore, umore, kolore… ezberdinak, elkar maitatuz, zainduz eta gozatuz.
Utzi erantzuna