Urtarrilaren 30an, Don Bosco Astearen ekintzen artean, gure artea izan dugu Jokin Linaza, joan den udan Kolonbiako Medellin hirian boluntario aritu dena, Salestarren Ciudad Don Boscon, ume eta gazte behartsuei laguntzen.
Jokin irakasle durangarra da. Lehenago ere Peru eta Ekuadorren egon zen eta orain Caritasen boluntario gisa dabil. Kristau komunitatean bideratutako boluntario arloan hainbat zerbitzu eskaintzen saiatzen da.
2017ko udan Medellinen egon zen, hilabete eta erdiz, Euskadiko eta Europako hainbat nazioetan boluntarioekin batera. Ciudad Don Bosco salestarren proiektu handi bat da, batez ere egoera larrian aurkitzen diren gazteei laguntzen die (mikro-narkotrafikoa, eskola porrota, sexu abusuak, gerrilan ibili izana …), batez ere babesa emanez, ikasketak eta lanbidea eskainiz. Proiektu honek atal ugari ditu.
Jokinek hiru atal azaldu zituen bereziki, bere esperientzia pertsonala kontatuz.
- “Amets egiteko eskubidea” (Derecho a soñar), Medellineko kanpoko auzoetan egiten den prebentzio lana da, mendiko auzo pobreenetan.
- Amagako ikatz meatzarien familietako haurren proiektua “Arrastoa uzten” (Dejando huellas), eskualde oso arriskutsu baten.
- CAPRE “Ametsak eraikitzen” (Construyendo sueños) etxeko gerrilari ohien proiektua. Kolonbiako gatazka armatuan parte hartu zuten gazteak dira protagonistak, gerrilatik ihes egindakoak batzuk, ejertzitoak preso hartutakoak besteak, banda kriminaletan aritutakoak, … Eskolarik ez dute jaso. Oso egoera gogorrak bizi izan dituzte. Batzuk norbait hil duten gazteak dira… Don Boscoren pedagogiari esker, euren bizitza bakea eta oreka lortu eta bizimodu baketsua eraikitzen saiatzen dira.
Jokinen hitzaldiaren amaieran, galderak egiteko aukera ere izan dugu. Mundu hobe baten alde, geure mailan. Munduko ume gehienak baino askoz hobeto bizi gara, eta guk ere zerbait egin dezakegu.
Hitzak: Juan Inazio Sudupe
Argazkiak: Juan Inazio Sudupe










Utzi erantzuna