Floreaga Ikastetxean II. Lasterketa Solidarioa ospatu dugu gaur, Gosearen Aurkako Ekintzaren (Acción Contra el Hambre) proposamenari erantzunez. Talde honek munduko leku ezberdinetan dagoen desnutrizioari eta honek ekar ditzakeen arazo larrien kontra borrokatzen da.
Lasterketaren aurretik, apirilaren amaieran, Gosearen Aurkako Ekintzako arduradun batzuk etorri ziren ikasleei ekintzaren helburua zein den azaltzeko asmoz. Ikasleak etiopiar mutil gazte baten azalean jartzeko aukera izan zuten eta baita bere bizimoduarekin konparatzeko aukera.
Lasterketa berez maiatzaren 11rako programatuta bazegoen ere eguraldi txarraren iragarpena zela eta atzeratzea erabaki genuen… eta baita asmatu ere!! Astearte eguerdi honetan sargori galanta egin badu ere, parte hartzaileak animo handiz atera dira korrika egitera. HH, LH eta DBHko ikasleek parte hartu dute, bakoitzak zirkuito bati hainbat bira emanez. Helburua bira bakoitzeko diru kopuru bat emateko konpromisoa hartzea zen (korrikalari bakoitzaren patrozinatzaileek ordainduko dutena).
Lasterketaren amaieran, gainera, fruta banatu da partaide guztien artean elikadura jasangarri eta osasungarriaren garrantziaz jabetu daitezen. Sagarra, platanoa eta marrubiak primeran sartu dira bero honekin eta esfortzuaren ondoren!!
Argazkiak: Amets Andueza eta Andrea Redondo
Bideoa: Unai Beristain
Hitzak: Jesus Larrañaga
Utzi erantzuna