Hondakinak prebenitzeko kartel eta bideo lehiaketan Floreagako ikasleak sarituak izan dira. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea 2016ko azaroaren 19tik 26ra bitartean ospatzen da Europar Batasunean, hau dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hainbat ekimen egin ditu.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen helburuen artean dago herritarrak kontzientziatzea hondakinen sorrerak dakarren arazoari eta hondakinen sorrera prebenitzeko beharrari buruz. Aurten, ontzi-hondakinen prebentzioari jarri dio arreta berezia. Astearen leloa honakoa da: ontzi gutxiago erabil itzazu!
Gipuzkoako 6 eta 18 urte arteko gazteak sentsibilizatu eta hondakinen prebentzioa eta birziklapenarekiko konpromisoa zabaltzeko asmoz, Ingurumen Departamentuak hondakinak prebenitzeko bigarren lehiaketa abian jarri du. Partaideen adinaren arabera, lehiaketak bi sail izan ditu. Lehendabiziko saila kartel lehiaketa izan da, bi kategorietan banatuta, 6-8 eta 9-11 urte arteko gazteek parte hartu dute. Irabazlea MARIA JUARISTI LH3. mailako ikaslea izan da. Bigarren sailean berriz, taldeka bideo bat grabatu dute 12 eta 18 urte arteko ikasleek, irabazleak ALAZNE SUDUPE , NAIA ARRIZABALAGA eta IRATI LIZARRALDE DBH 1.mailakoak izan dira.
Epaimahaiak kartel edo bideo bakarra saritu du kategoriako, eta horiek bere lanaren aitorpen gisa Tablet bat jaso dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua, ikastetxeekin batera, hondakinen prebentziorako eta gaikako bilketarako kanpainak egiten ari da urtero, 2007az geroztik. Kanpaina horien bitartez, ikastetxeek prebentzioaren eta hondakinen birziklatzearen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte, eta Ingurumeneko Departamentuak ikastetxeen esku jarri ditu zenbait baliabide: gaikako bilketarako edukiontziak, liburuxkak eta kartelak, konpostagailuak, boc’n rollak, eta hondakin ezberdinak prebenitzeko gomendio multzo bat, horien artean ontzi-hondakinak.
Utzi erantzuna