Martxoaren 25ean DBH4kook espero ezin genuen 4 eguneko bidaia bati hasiera eman genion. Horretarako goizean goiz, nagiak atera eta autobusa hartu genuen, gure abiapuntua Segovia zela kontuan harturik. Urduritasuna eta ezinegona nabari zen guztion barnetan, azken batean nahiz eta programazioa jakin, ez genekien zer zegoen gure zain. Behin Segoviara iritsi ginenean, leku hau famatu eta interesgarri egiten duen akueduktua hauteman genuen; hori gutxi balitz bertan ikusgai dauden kale miresgarrietan geure oinak martxan jarri genituen. Orduak aurrea zihoazen heinean, bazkaltzeko ordua iritsi zitzaigun. Bazkaria itzela izan zen, elurraren konpainia ere izan baikenuen. Bazkal ostean, baserritar senarekin La Granja bisitatzera joan ginen. Nahiz eta izenak baserri moduko bati erreferentzia egin, sekulako palazio puska aurkitu genuen gure begien aurrean. Segovia atzean utziz, Madrilgo bideari ekin genion. Iritsi bezain pronto, gure maletak eskuetan genituelarik, aterpetxeko langileek eskaini ziguten agur apala eskertu genien. Gaua iritsi zenean, lagun giro eder batean pertsona ezagunen imitazioak egin genituen barre algara artean eta erlojua begiratzerako, oheratu egin behar izan genuen.
Bigarren egunari hasiera emateko, indarrak hartu genituen aterpetxeak eskainitako gosari itzel batekin. Almudena katedrala ikusi ondoren, Madrileko Erret Jauregia bisitatu genuen; baina bisita ez zen hain erakargarria izango, jauregia erakutsi zigun gidak horrenbeste informazioa eman izan ez bazigun. Progamazioan ezarrita zegoen moduan, El Retiro Parkerantz abiatu ginen, hantxe bazkaltzeko asmoz, baina oraingoan eguzkiak elurra ordeztu eta gogoz jo zuen. Gehienok txuri-urdinak bagara ere, pare bat lagun baditugu Real Madrilekoak direnak, eta hauen omenez, Bernabeu futbol zelaian izan ginen. Euskaldun izanik ezin genuen ikusi gabe utzi, Picassok marraztutako Gernika margolana (Museo Reina Sofia). Emozioz beteriko unea izan genuen bertan, gure aurretik borrokan aritu ziren gudari haiek ikusi ahal izan baikenituen, anabasa erakusten zuen margolan hartan. Zebra bide bat gurutzatzea besterik ez genuen behar, Atotxako tren geltoki ikaragarria ikusteko eta bertan bizi izandako orotzaipen goibelak gogorarazteko. Gure hankak askoz gehiago ezin zutenez, autobusean sartu eta aterpetxera itzuli ginen.
Hirugarren egunari dakogionez, lo ondo eginik, gosaldu eta Eskorialeko San Lorentzo Monastegira joan ginen. Bertan, erregeen hilobi eta margolanak ikusi genituelarik. Bisita amaitu ostean, El Retiro Parkera joan ginen bazkaldu eta txalupetan ibiltzera. Zenbait komeri izan genituen bertan, besteak beste argazki bat lortzeko helburuarekin inguruan zeuden iturriekin topo egin eta barruan sartzea. Hura izan zen eguneko bainua, mela-mela eginda betiere “berdinak”, geure marka utziz hiriburuan ere… Zipriztin artean ibili ondoren, Madrilgo leku turistikoenetan zehar pasira bat eman genuen: Plaza Mayor, Plaza del Sol, Udaletxea… Eta egunari amaiera emateko, Xanadu saltoki-gunerantz abiatu ginen. Bertan, txofer profesionalez gain (kart-etan aritu zirenak), modelo gisa apple markarentzat lanean aritzeko maila zuten ikasleak ere aurkitu genituen. Baina erretiratzeko ordua ere iritsi zitzaigun eta geure lagun berriekin (globo batzuekin) aterpetxerantz itzuli ginen.
Azkeneko eguna zela kontuan harturik, indarberritu, maletak egin eta gogoz hasi genuen eguna, Warner deituriko jolas-parkean. Bertan, eguraldiak asko lagundu zigun, eta denok gustora ibili ginen bakoitza bere mailetako atrakzioetan. Bazkaldu orduko, 15:30ak aldera, guztiok bildu eta uretako atrakzioetan ibili ginen. Oso gustora ibili ginela esatea besterik ez dugu. Izan ere, giro aparta eraturik egun ezin hobea burutu genuen. Neka-neka eginda, autobusean sartu eta Azkoitirantz bueltako bidaiari ekin genion, afaltzeko geldialdi batekin, 00:30 aldera iritsi ginelarik.
Geure partetik, eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Izan ere, bidaia hau gauzatzeko pertsona asko behar izan ditugu. Besteak beste, irakasleak (Zezilio, Amaia eta Javier) lan paregabea egin baitute bidaiari umorea eta gogoa erantsiz eta gurekiko izan duten jarrera ikaragarria izan delako, hau da, beraiek gabe hau ez zelako posible izango; txoferra (Josu) berak izan duen pazientzia eta esfortzuari erreparatuz, esker xume batzuk eman nahi dizkiogulako, bera ere bidaiaren parte izan baita, eta, azkenik, ikasle guztioi eta bakoitzari, lau egun hauetan izan dugun elkartasun eta laguntasunari esker giro ona baten barruan burutu ahal izan dugulako bidaia. Eta gure azken bidaia izan delarik Floreagan, espero dugu eratu den laguntasuna ikastetxetik kanpo ere jarraitzea. Bidaia hau imagina ezin genuen bidaia bat izan delako eta gure azkena izan delako.
ESKERRIK ASKO.
Hitzak : Maria Arrieta eta Maddi Oteiza
Argazkiak 3: Unai Torronteras
Argazkiak 4 eta 5: Iban Garcia
Utzi erantzuna