Datorren asteazkenean, abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen Eguna izanik, hainbat ekintza burutuko ditugu egun berezi hau ospatzeko. Guztiok gonbidatuta zaudete!
Goizeko 9etan, patio berdean, Hizkuntza Ikasle Batzordeko kideek irakurriko digute “Egun onak” eta ondoren, bertsoak eta euskal dantzak (txistu eta atabalen laguntzaz) izango ditugu. Amaitzeko, LH-ko ikasle guztiek “Zer nolako zortea” bertsoa eta “Behin betiko” kanta abestuko dizkigute. Hau guztia, 16:30ean errepikatuko da HH-ko ikasleentzat, eta noski, kasu honetan beraiek izango dira abestuko digutenak. Eguraldi ona bada, HH-ko patioan izango da; txarra bada, aldiz, patio berdean.
Goizean zehar LH eta DBH-ko ikasleek euskarari buruzko lehiaketa desberdinetan parte hartuko dute. Baita ere esan, DBH-koak dagoeneko bi astez luzatuko den Euskal Ginkana batean parte hartzen ari direla. HH-koek, berriz, arratsalde hasieran aretoan elkartuko dira eta beraiek burututako ekitalditxo bat izango dute: bertsoak, abestiak, asmakizunak…
Bestalde, Floreagan bertan burutuko diren ekintza hauez gain, 11:30ean, LH eta DBH-koak kalejira batean abiatuko gara plazarantz, Azkoitiko beste ikastetxeetakoekin batera . Bertan ekitaldi bat burutuko dugularik guztion artean. (12:30ean ikasleak betiko moduan Floreagan izango dira.)
Zer nolako zortea
gure hizkuntzarena
mila iturritatik
edaten duena
euskararik onena
da norberarena
eta txarrena berriz
egiten ez dena.
( Xabier “Euzkitze”)
Besterik gabe, egun ona igaro dezazuela opa dizuegu.
Hizkuntza Normalkuntza Batzordea
Utzi erantzuna