Haur Eskolako funtzionamendua hobeto ezagutzearren, bertako hezitzaileei zenbait galdera egin dizkiegu.
Hona hemen galdera horietako batzuk:
1.- Zer ordutatik zer ordutara dago zabalik Floreagako Haur Eskola?
Goizeko zazpi eta erdietatik arratsaldeko sei eta erdietara egoten da zabalik.
2.- Zer ordutan eraman dezaket nire haurra Haur Eskolara? Eta atera?
Ordutegiarekin nahiko malguak izaten gara, betiere muga batzuekin. Adibidez, umeek ezin dute bertan 8 ordu baino gehiago egon.
Umeen erritmoak errespetatzen ere saiatzen gara; horregatik, eguerdian 13.15etik 14:45era ezin izaten da haurrik atera Haur Eskolatik, siesta ordua lasaia izatea nahi baitugu.
3.- Urtean zehar ordutegietan aldaketarik egiteko aukerarik izaten al da?
Bai, inolako arazorik gabe, hilabeteko kuota hilabete horretan egin duen ordutegiaren araberakoa izango da.
4.- Bi urteko gelan erabil al dezaket Haur Eskolako ordutegia?
Bai, hiru aukera daude adin horretan:
- Haur eskolako ordutegia egin gurasoen beharren arabera.
- Eskolako ordutegia egin, goizeko 9:00etatik-12:30era eta arratsaldeko 15:00etatik-17:00etara.
- Eskolako ordutegia egin, eskolan bertan bazkaldu eta siesta eginez.
5.- Nola banatzen dituzue haurrak gelatan?
0-1 urteko bi gela ditugu, bi hezitzailerekin.
1-2 urteko gelak ere bi dira, bi hezitzailerekin.Gela batean urte hasierakoak edukitzen ditugu, urtarriletik ekainera bitartekoak eta beste gelan, berriz, urte bukaerakoak. Haurrak 2 urteko gelara joan arte hezitzaile berdinarekin egoten dira.
2 urteko gelei dagokienez, berriz, haur kopuruaren arabera aldatu egiten da. Aurten, esaterako, 46 ume ditugu hiru geletan banatuta. Ume talde bakoitzarekin hezitzaile bat egoten da.
6.- Zer helburu dituzue Haur Eskolan?
Familiei laguntzeko, 0-3 urte bitarteko haurrentzako heziketa arreta eta laguntza-zerbitzua eskaintzea.
Familiekin batera haurraren garapen integrala sustatzea; haurra hezteko eta gizarteratzeko orduan, garrantzi berezia emango zaie haurraren eskubideen errespetuari, haurraren ongizateari eta bere gaitasun guztien garapenari: afektibitate mailakoak, sentimendu mailakoak eta mugimendu gaitasunak, ezagutza mailakoak eta harreman eta gizarte gaitasunak.
7.- Egunean zehar zer egiten dute haurrek?
Sarrera momentuari garrantzia handia ematen diogu haurra gustura eta lasai etor dadin Haur Eskolara.
Gero adinaren arabera ekintza desberdinak burutzen ditugu, baina betiere haurren maitasun, atseden, elikadura eta komunikazio beharrei erantzunez.
Txikienen gelan afektibitate eta psikomotrizitatea lantzen ditugu gehienbat, abesti eta jolas sinpleen bidez.
Ondorengo etapetan, irakaslea gidari izanda, espazio atsegin eta erakargarri bat prestatu eta jolas eta material ugari erabiliz, ekintza desberdinak burutzen ditugu: eguna ipini, eguraldia kantak erabiliz, margoketa, gelakoen izenak esan nor etorri den eta ez esanez, hamarretako ordua…
8.- Txikiek ba al dute aukerarik patiora irteteko?
Bai noski. Bi urteko gelako umeak egunero izaten dute jolas-ordua. Eguraldi txarra eginez gero, gune estali bat dugu jolasteko.
Txikiagoak eguraldi onarekin ahal dugun guztietan ateratzen saiatzen gara. Honez gain, batzuetan goiko patiora joaten gara, eskola ingurua ezagutzera.
9.- Ikastetxeko zer ekintzetan parte hartzen duzue?
Gabonetan guztiok Baztartxora joaten gara erregeak ikustera eta baita ere Olentzero etortzen zaigu bisitan. Bi urtetik behin egiten den ikasturte bukaerako jaialdian ere parte hartzen dugu.
Esandakoaz gain, bi urteko umeak San Sebastian eguneko danborradan koilara eta sardexkekin dantzan ateratzen dira eta inauterietan desfilean parte hartzen dute. Karrozan, noski!
10.- Guraso-hezitzaile harremana nola eramaten duzue aurrera?
Gurasoekin eguneroko harremana izaten dugu, honek gure arteko harremana errazten duelarik. Haurra ekartzerakoan eta jasotzerakoan elkarrizketak sortzen dira: nola egon den, nola pasatu duen eguna… izaten dugularik hizpide.
Gainera, eguneroko agenda bat ere badaukagu. Bertan idazten dugu umeak zer jan duen, lo egin duen ala ez… Gurasoek agenda egunero eramaten dute etxera eta beraiek ere gauza berdina egin behar dute. Umeak nola gosaldu duen, gau txarra pasa duen… agendan idatzi behar dute gu jakinaren gainean egon gaitezen.
Etorkizunera begira, berrikuntza bezala, ikastetxean erabiltzen den Educ@mos hezkuntz-plataforma, internet bidezkoa, Haur Eskolan erabiltzeko asmoa ere badaukagu. Momentu honetan probak egiten ari gara. Ea datorren ikasturtetik aurrera martxan jartzeko moduan gauden.
11.- Nola kontrolatzen duzue haurren garapena?
Ikasturte hasieran gurasoei ebaluazio fitxa bat banatzen diegu, haurra ezagutzen laguntzen diguna.
Ikasturtean zehar haur bakoitzari ebaluazio jarraitua egiten diogu, egiten dituen aurrerapenak eta izandako zailtasunak adierazten ditugularik. Urte bukaeran ebaluazio txostena banatzen diegu gurasoei, haurraren garapena azalduz.
12.- Noiz matrikulatu dezaket umea?
Matrikulazio epea ekainean izaten da. Hala eta guztiz ere, plaza librerik egonez gero, urtean zehar edozein unetan matrikulatu daiteke. Ongi etorria izango da.
Zuen seme-alabak onena merezi duelako, anima zaitezte gu ezagutzera eta ondoren erabaki!
Haur Eskolako hezitzaileak









Utzi erantzuna