Martxoaren 22an Juan Kruz Mendizabalek, pastoral bikarioak, eman zien amaiera aurtengo Kultur Jardunaldiei, “Kristautasuna eta gizartea gaur” izeneko hitzaldiaz. Jende ugari bildu zen On Bosco aretora. Juan Kruzek bere esperientziatik sortutako hausnarketa eta testigutza eskaini zuen, irudi batzuen laguntzaz. Bere ametsa eskaini zigun Juan Kruzek, ametsak kontatuz bihurtu behar baitira egia. Ondoren, galdera, iritzi eta iruzkinetarako tarte zabala izan zen.
Kristautasunak gizarteari mesede handia egin diezaioke bere baitan gertatzen zaizkion gauzak hobeto ulertzeko, okerrak zuzentzeko eta gaitasunak suspertzeko. Juan Kruzen esanean, bizitza eta fedea gauza bera dira, eta biak uztartzen dituzten mugarri batzuk jarri zituen.
HEMEN, HEMENGOEKIN, GAUR gertatzen da salbamena. Fedeak lurra eta gizakia senidetzat estimatzera garamatza, orain, gure begirada iraganari begira utzi gabe.
BEGIRATU ETA IKUSI: IKASI. Gauzak axaletik begiratu ohi ditugu. Begirada sakonduz, fedeak galderak sortzen du, erantzunak eman baino gehiago.
EGOERA: ERDI HUTSA EDO ERDI BETE. Gaurko munduaren egoerak eta etorkizunak beldurra edo etsipena sortzen dizkigu askotan. Ez da ona etsipenean erortzea. Fededun ikuspuntutik egoera baikorra da beti, etorkizuna positiboa. Dena gure esku bakarrik ez dagoelako, Jaunak hobera daramalako mundu hau. Edalontzia beti erdi bete ikusten du fedeak perspektiba positibo batetik, sekula erdi hutsik.
OGIA GAIZKI PARTITUA. Baikor izatea ez da gure inguruko injustiziak ez ikustea. Gizaki guztiok eskubide berdinak, munduko janaria (ogia) ez dago ongi banatuta. Fedeak konpromisoa eskatzen digu, gauzak hobetzen saiatzeko.
EGARRIA ETA URA. Izerdia, esfortzua eta heziketa ahalegina garrantzitsuak dira, gauzen balioa estimatzeko.
IZATEN IKASI, ezagutzak elkarrekin trukatu. Federico Mayor Zaragozak dioenez hau da heziketaren lana: “pertsona aske eta arduratsuak hezitu, beren kabuz erabakiak hartzeko gai izan daitezen”.
BESTEEN BEHARRA. Indibidualismoa gainditu behar dugu: ez gara inoiz bakarka pertsonak, besteen baitan baizik. Jesusek garbi agertzen du zein den lagun hurkoa,Samariar onaren parabola aurkeztuz. Lagun hurkoak Jaunarenagan garamatza eta alderantziz.
KEINU TXIKIAK. Rosa Parks emakume beltza ez zen altxatu autobusean gizon zuri bat tokia uzteko. Keinu txiki honek eragin handia izan zuen beltzen giza eskubideen onarpenaren bidean, Martin Luther Kingen bitartez. Gauza txikiak eta isilak eragin handia izan dezakete. Fededun izatea, iraupen luzeko lasterketa da, ez esprinta.
LASAIAGO BIZI. Bizitza erraztu egin zaigu, baina, hobeto bizi al gara? Presaka askotan, trasteen morroi bihurtu gara. Funtsezko gauzetako denbora hartzen al dugu?
Fedeak ere bere patxada guneak behar ditu gorputza eta burua arintzeko, indar berriak hartzeko: Otoitza. Denbora hartu Jainkoaren eta lagun hurkoarekin egoteko, musu truk, ordularia alde batera lagaz, bizi-poza berrituz.
PENTSATZEN AUSARTU. Emmanuel Kant filosofoaren esanean, “pentsatzera ausart gaitezen!”, geure kabuz erabakiak har ditzagun, askotan ziurtasun guztia eskuetan izan gabe. Konfiantzaz. Jainkoa gure ondoan dugu, gurekin bidea egiten.
ETXEAN ikasi dugu garena, maitatzen, barkatzen. Eliza guztion etxea da eta gizartea ere bai, guztion etxea. Inor kanpora botatzen ez duen etxea, eliza eta gizartea. Oso garrantzitsua da etxeko oinetakoak jantzi eta patxadaz hitz egitea.
Galdera eta iruzkinen txandan, elizak dituen hobetu beharreko arlo batzuk aztertu, eta elizak kalean egin behar duen lana azpimarratu zen, gizarteari bere ekarpena emateko. Gainera Donostiako elizbarrutian sortu ziren eta bizi diren tentsio batzuei buruzko iritzia eskatu zen. Batasuna landu behar da, gauzak barrutik hobetzeko, kontuan hartuz pentsamendu desberdin eta kontrakoak ere aberasgarriak izan daitezkeela.
Hitzaldi honekin amaitu dira XXIII. Kultur Jardunaldiak. Balantzea ona da: Gai interesgarriak eta nahiko jende ugari. Antolaketa taldearen izenean mila esker hizlariei, IGE elkarteari, Floreaga ikastetxea eta Maxixatzen taldeari, Azkoitiko udalari, FKri, komunikabideei eta entzule guztiei. Mila esker!!
Hitzak eta argazkiak: Juan Inazio Sudupe
Utzi erantzuna