Motorrak berotzen ari garen lehen egun hauetan, buru-belarri ari gara ikasle eta irakasleok proiektu ezberdinei heldu eta martxan jartzen. Aurreko urteetan bezalaxe Bertsolaritzaren esparrura hurbilduko gara aurten ere. Horretarako bi proiektu ditugu martxan: bata hezkuntza arautuan, gela barruan, “Neu ere bertsolari” proiektua eta bestea gelaz kanpo, Erniarraitz Bertsozale Elkartetik bideratutako Bertso-Eskola.
Urrian ekingo diegu bi proiektuei. Hala ere, giroa berotzeko, irailaren 13an bi bisitari izan genituen ikastetxean. Nekane Zinkunegi eta Eneritz Artetxe bertsolariak LHko 5. eta 6. mailako eta DBHko 1.mailako ikasleekin elkartu ziren Bertso-Eskolaren berri eman eta parte hartzera animatzeko. Saio atsegina eta entretenigarria izan zen: Bertso-eskolan egiten diren joko eta ariketen berri eman zien, ikasleak eurak lanean jarriz eta ariketa praktikoak eginez. Gozamenerako tartea izan zela esan genezake zalantzarik gabe.
Egun hauetan izango dute 5. mailatik aurrerako ikasleek Bertso-Eskolan izena emateko aukera. Astean saio bakarra izan ohi da, ordubeteko. Hizkuntzarekin gozatzeko eta jolasteko aukera paregabea!
Hitzak eta argazkiak: Mailu Irizar
Utzi erantzuna