Ikasturte osoko urduritasunak botatzeko aukera izan dugu DBH1eko ikasleok Muxikara egin dugun irtenaldian.
Herri bizkaitar honen barrutian dagoen Gorozika auzoan 2 gau zoragarri pasa ditugu. Bere kokapen geografiko aparta aprobetxatu dugu mendi irteerak eta kostaldeko bisitak egiteko. Eguraldiak lagun inguruko bide baztar guztiak ondo ezagutu ditugu.
Programa benetan interesgarria bete duguna:
– Lehen egunean aterpetxean instalatu eta monitoreak ezagutu genituen (Iosu, Jone, Enara eta Loli). Gero erreka baten analisi fisiko-kimikoa egin genuen eta arratsaldean Arburu mendira igo ginen.
– Bigarren egunean Urdaibaiko paduretako landaredia eta hegaztiak zuzenean ikusi genituen. Ondoren oinez Txatxarramendi uhartera joan ginen, bertako lorategi botanikoa bisitatzeko. Sukarrietako hondartzan bazkaldu eta gero autobusez Bermeora abiatu ginen eta han kaia eta arrantza-museoa ezagutu genituen.
– Azken egunean Gernikako Junta Etxea edo Batzar Etxea bisitatu genuen, Euskal erakundeentako sinbolo esanguratsu honen garrantziaz jabetzeko. Handik Omako basora abiatu ginen. Ibilalditxoa bukatu ondoren bazkaldu eta Azkoitiaruntz egin genuen.
Baina guztia ez da helburu pedagogikoak betetzea izan. Gure artean jolasteko, dantzatzeko eta ondo pasatzeko aukera ere izan dugu….. Ezin al da errepikatu?
Hitzak eta argazkiak: Jesus Larrañaga
Utzi erantzuna