Ekainaren 4, 5 eta 6an LH 3. eta 4. mailetako 79 ikaslek bi egun pasa dituzte Barriako aterpetxean (Araba), Floreagako 6 irakasle lagundurik.
Barriara joaneko bidaia aprobetxatu zuten Gasteizen adierazgarri diren bi eraikuntza ezagutzeko: zaharrenek, Eusko Lege Biltzarren bisita gidatua egin bitartean, 3. mailakoek Artium museoarena egin zuten. Hauek egin eta berehala, Araiara abiatu ziren Nestle izozkien ekoizpen industriala ikusteko. Bisita honek, beraiek espero bezala, bukaeran, sari txiki bat ere bazuen: izozkien dastaketa. Azkenik, arratsaldeko 5ak aldera, mihia gozatu eta gero, egoitzara iritsi ziren.
Bi egun eman dituzte Barrian. Eguraldia, oraingo honetan, lehenengo eguneko goiza kenduta, gure alde izan dugu eta programatu ekintza guztiak egin ahal izan ditugu arazorik gabe: ibilaldiak, esku-lanak, eskumuturretako tailerra, maila bakoitza prestaturiko jaialdiak, diskoteka, “Erratzaren dantza”… eta aisialdia.
Baina kanpaldia ez da bakarrik lekuak ikustea eta gauzak egitea. Ikasleek bere ikastetxeko eta adin bereko beste ikaskide batzuekin 56 ordu pasa dituzte: elkarrekin jan dute, elkarrekin jolasean ibili dira, elkarrekin lo egin dute (etxean baino gutxiago seguru), elkarri lagundu diote, elkarri prestatutako dantzak, antzerki eta abar egin dizkiote eta, inoiz ere, elkarrekin sestra izan dute. Laburbilduz, elkarbizitza. Baina, dudarik gabe, segurtasun osoz esan daiteke, egun hauek pasa ondoren, ikasle hauek gehiago ezagutzen dutela elkar joan zirenean baino.
Hitzak: Juan Carlos Orodea
Argazkiak: Mari Cruz Pascual, Eli Osoro, Olatz Zabaleta, Juan Carlos Orodea eta Maribel Garcia













Utzi erantzuna