Udaberriarekin batera iritsi zitzaigun Korrika 18 Azkoitira.
Eskolako sarrera-irteeratan urte desberdinetako Korrikako abestiak izan genituen lagun eta egun onak ere ez zen beti bezala izan. DBH-koek esplikatu ziguten, beste hainbat gauzen artean, zein zen Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoi honen helburu nagusia: gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea.
Goizean zehar, ikasleek azken ukituak egin zizkieten kalean zehar ipini ziren horma irudi dotoreei eta nagusienak ipuin kontalari ibili ziren.
16:30ean dena prest zegoelarik, Korrika Txiki martxan hasi zen. LH6tik hasi eta 2 urtekoak arte, lekukoa txandakatuz, plazaraino iritsi ginen Xabier Munibekoekin batera. Herria musikaz eta jendez gainezka zegoen. Bi ikaslek, lekukoa hartuta, mezua irakurri ziguten eta ondoren bertsolariak izan ziren gure gozamenerako.
Korrika Txiki amaitu zen, baina oraindik hitzordua genuen Euskal Herri osoan zehar zebilen Korrikarekin. Balda Plaza inguruan elkartu ginen iluntzeko 22:40ean. Eguraldi hotza zen arren, giroa aparta zen benetan: ikasle, guraso, irakasle eta hainbat herritar, guztiok euskararen alde bat eginik.
Igandean Baionan bukatuko den 18. Korrika honi agur esateko ordua heldu zaigu. Baina bi urte barru berriro hemen izango gara “Tipi-tapa, tipi- tapa … Korrika!” eta bitartean elkarri euskara ematen arituko gara.
Hitzak: Amaia Alberdi













Utzi erantzuna