Martxoaren 15ean, Gotzon Barandiaran eta Igor Elortzaren hitzaldi interesgarria izan Floreagako On Bosco aretoan, XIII. Kultur Jardunaldien eta Maxixatzen taldearen Kultur Astearen barruan.
Berrogei lagun inguru elkartu ziren Gotzon eta Igorren proposamena entzun eta komentatzera. Ongietorrizko hitzen ondoren, Igor Elortzak eman zituen lehen azalpenak.
Kultur sistema bat osatzeko hiru aukera daude gure gizartean: herri-antolakuntza (auzolanekoa), instituzioak (normatiboa) eta merkatua (komertziala). Hiru izan daitezke horietako baten aldekotasunerako aukerak ere: ideologikoak (pentsamendua), afektiboak (sentimenduak) eta operatiboak (praktikotasuna). Hizlarien proposamenaren arabera, euskaldunok auzolanean ardazturiko kulturgintza antolatu behar dugu, eta eraginkortasunari loturiko arrazoiengatik egin behar dugu horrela. Euskarazko kulturgintza bideragarririk egitekotan, gaur egun, auzolanean ardaztua behar du; herri-antolakuntza motore dela, lan instituzionala eta komertziala batuz.
Igorrek, bere kultur ibilbidean oinarrituz (Berbaro, Plateruena, Anboto, bertsolaritza, …), Zilarrezkoak eta Zilar Astea azaldu zituen: Durango herriko edota eskualdeko talde eta lan arloak bilduz, guztion ekarpenez sorturiko aste tematikoa. Eskolak, antzerki eta musika taldeak, eta abar elkarlaneko eta disziplinarteko proiektu bat bideratzen. Euskarazko kulturaren egoera zaila da: estaturik gabeko kultura gara, beste kultur ereduak inposatu dizkigute (espainola, frantsesa, anglofonoa,…), kopuruaren aldetik gutxi gara. Merkatuaren aldetik indar gutxi dugu. Instituzioen aldetik egoera aldakorra eta dikotomiez beterikoa da. Gure indargune nagusia jendea da, kalea, eguneroko gure ahalegina. Oso garrantzitsua izango da kultur sortzaile, eragile, antolatzaile eta hartzaileek bat egitea.
Gotzonek galdera batzuk planteatu zituen, gero haiei buruzko erantzunak bilatzen saiatzeko. Nola bultzatu gure sortzaile izatea? Nola bermatu euskarazko kulturaren transmisioa – transmititzeko ezagutu, barneratu eta maitatu egin behar aurrez – ? Euskarazko kulturaren kontsumoa nola sustatu? Nola bildu gure ahaleginak, agintarien erabakien zain egon gabe? Nola iritsi gure kultur bidean erabakiak guk hartzera? Nola bideratu euskarazko kulturgintzari buruzko gogoeta kolektiboa? Nola erabaki zer den “estrategikoa” euskarazko kulturarentzako? Nola eskaini jendeari kulturaz gozatzea? Nola sortu gazteen interesa?
Galdera eta iruzkin ugari izan ziren jarraian, hitzaldira hurbildu zirenen eta hizlarien artean. Amaitzeko, hamar kontzeptu edo esalditan laburbildu zen hizlarien proposamena:
Auzolana (AL) gizarte ikuspegi bat da, ez da slogan edo moda hutsa
AL herrigintza da, elkar lana
ALren ardatza pertsonak dira. Funtzio soziala oinarrizkoa da.
ALean ari da kultur arloan urte osoan sortzaile, eragile edo antolatzaile gisa ari dena, baina baita ekintza xume baten noizean behin parte hartzen duena ere.
Auzokoen egoera, baldintzak eta lana ezagutu eta estimatu behar ditugu.
Batzuetan ardura eta protagonismo lanak hartuko dira, besteetan laguntzaile lanak.
ALk harreman horizontalak eskatzen ditu
AL erabakiak adostea suposatzen du.
AL prozesua da, bidea, jarrera irekiz ibili behar duguna.
Auzolanean lana egin behar da, ez auzokoei begira geldik egon. Eta lana bizipozez egin, gainera!
Juan Inazio











Utzi erantzuna