Motxilak ilusioz beterik genituela abiatu ginen Pasaia aldera. Tarteka goranzko begiradatxoak botatzen genituen euria inork gonbidatu gabeko bisitaria izango ote genuen beldurrez, baina oraingoan behintzat ez agertzea erabaki zuen. Eguraldia lagun, Pasai San Pedroko porturaino iritsi ginen. Han bi taldetan banatu eta batzuk herrian zehar ibilalditxoa egin zuten bitartean besteek itsasontzietan badia zeharkatu zuten. Ondoren alderantzizko txangoak egin genituen.
Pasaiko arrain lonjan subasta nolakoa izaten den ikusi eta ikasteko aukera izan genuen. Ondoren arraun elkartean arraunean ahalegindu baginen ere argi geratu zen Azkoitiarrok trebeagoak garela pilotan. Kostaldetik gertu bizi arren barnealdekoak garela agerian geratu zen beste behin ere itsasontziek badia utzi eta itsas zabalera eraman gintuztenean. Olatuen eraginez txalupak gora eta behera hasi zirenean ausartenek ere gogor eutsi zioten heldulekuari. Lehorreratutakoan bai, orduan dibertigarri iruditu zitzaizkigun olatuak.
Hainbeste abentura bizi ondoren gosetzen ere hasiak ginenez San Markoseko gotorlekura joan ginen ogitartekoak janez atseden pixka bat hartzera. Bazkariak indarrak berritu zizkigun eta jolasean, saltoka eta antxintxika ibili ginen Azkoitira iristeko ordua iritsi zen arte.











Utzi erantzuna