Urduri eserlekuetan zain geunden bitartean, urduri alda-lekuetan aurreko taldea ari zen bitartean eta urduri oholtza gainean. Baina a zer lasaitasuna abestu ondoren! A zer lasaitasuna eta a zer poza! Dena ondo atera da!
Testua: Mailu Irizar
Hauxe izan daiteke maiatzaren 20an eskaini genuen bertso saioak sortu zizkigun sentipenen laburpena.
Aurten, iaz bezalaxe bertso saio berezi batekin eman diogu amaiera Ahozkotasuna eta bertsolaritza proiektuari. Jokin Uranga bertsolaria bidelagun dugularik bertsolaritzari eskaintzen diogu astean ordu bete. Bertan bertsoaren egitura, errimak, doinuak, bertsolarien biografiak etab. lantzeaz gain ideia nagusiak bilatzen, entzulearengan lortu nahi dugunaren arabera ideiak ordenatzen… ikasi dugu, beti ere gozamenetik sormena landuz, euskara lantzeko aparteko baliabidea den bertsoa erabiliz. Horretaz gain, saiorako binaka, bertso bat egin, ikasi eta abestu dute eta garbi ikusi dute bikote bakoitzak bere lana ondo egiteak ematen diola osotasuna saioari eta horren araberakoa izaten dela emaitza. Talde-lanaren garrantziaz jabetzeko aparteko ariketa izan da. Horregatik lortu dugu eskenatokian hondartza eta baserria irudikatzea, gaur egungo moda kontuei kritikatxo bat egitea eta San Pedroren lana bertsotan erakustea.
Bestalde, Ahozkotasuna eta bertsolaritza proiektuaren bigarren fruitua berehalaxe izango dugu eskuartean: Bertsometa. Liburuxka hau, Gipuzkoan, proiektu honetan lanean ari diren 8000 ikasleen artean sortutako bertsoekin osatutako liburuxka da eta ikasle bakoitzak jasoko du bere alea ikasturtea amaitu baino lehen.
Bi emaitza bikain, bikain egindako lan baten laburpena egiteko.
Dena den, hona hemen, ikasleek, proiektuari buruz iritzia eskatuta, esandakoaren adibide batzuk.
“Oso esperientzi polita izan da. Jendearen aurrean lotsa gainditzen ikasi dugu. Entseguan nahiko nerbioso egon gara eta gero ahal dugun ondoen egin dugu. Gainera disfrutatu egin dugu. Oso ondo pasatu dugu denok mozorrotuta. Jokinek esplikatu zigun zer egin behar genuen barrerik ez egiteko”
Maria Arrieta LH 5A
“Nire ustez dena oso ondo atera da. Hasieran oso urduri geunden baina gero kantatu eta gustura gelditu gara. Bertsoak kantatzeko oso inportantea da kontzentrazioa. Horregatik eserlekuetan dagoen jendea isilik eta txorakeriarik esan gabe egotea oso inportantea da. Aurten bertsolaritzan gauza asko ikasi ditugu: nola egon behar den eskenatokian, nola egon behar den beste batzuk kantatzen ari direnean..
Ez dago Egaña eta horiek bezalako izan beharrik bertsolaritza gustatzeko”.
Unai Torronteras LH 5B
Esperientzi polita izan da eta bertsoei buruz gehiago ikasi dugu. Baita ere ona izan da nerbioak kontrolatzen ikasteko, norbait antzerkia egiten edo bertsoa kantatzen ari denean ez dela barre egin behar edo txorakeriarik esan behar ikasteko… Nik, irten naizenean ulertu dut nola sentitzen den jendea han goian…
Xabier Aguirre LH 6A
Orokorrean dena ongi atera da. Merezi izan du horrenbeste entseatzeak. Asko ikasi digu eskenatokian egoten eta ikusle bezala egoten ere bai. Nik oso gustura kantatu dut bertsoa eta iruditu zait besteek ere horrela kantatu dutela. Bertsolaritzako saioak oso ongi aprobetxatu ditugu, jantziak ere oso onak ziren… Orain badakit eskenatokian egoten, ikusle bezala portatzen eta bertsoak kantatzen”











Latza izen zan!
Kriston ondo egin genun eta isugarrizko bertsoak izan ziren denenak!!!!!