Gabonak iristearekin batera, telebista, sare sozialak eta dendetako erakusleihoak iragarki kanpainez betetzen hasiak dira. Beraien produktuak erosteko mezu eta eskaintza erakargarriak jarri dituzte, gure portaeran eragina izateko eta behar duguna baino gehiago kontsumitzeko. Janari, jostailu edo arropa gehiago edukitzeak zoriontsuago egingo gaituela sinestarazi nahi digute.
Etengabeko presio horrek Gabonak ondo ospatzeko asko gastatu behar dugunaren sentsazioa sortzen du eta ahaztu egiten zaigu Gabonen benetako espiritua. Egun hauek ez daude gauza materialen mende, partekatzen ditugun uneen kalitatearen mende baizik.
Egoera horren aurrean, kontsumo arduratsuaz hitz egitea garrantzitsua da. Hori egiteak ez du esan nahi ospakizunei uko egin behar diegunik, baizik eta erosten dugunari buruz hausnartzera bultzatzen gaitu. Hala nola, opari erabilgarri eta iraunkorrak aukeratzea, tokiko produktuak lehenestea, denda txikiei laguntzea, beharrezko janari kantitatea erostea, soberakinak aprobetxatzea eta kontsumo txikiko argiak aukeratzea. Erosketa kontzienteak, ingurumen- eta ekonomia-inpaktua murrizten laguntzeaz gain, data horien benetako zentzuarekin berriro konektatzeko aukera ematen digu.
Azken batean, Gabonak batasun, eskuzabaltasun eta gozamen garaia izan daitezke, gehiegikeriarik gabe. Beraz, erronka hau proposatzen dizut. Produktu bat erosi aurretik zure baitan galdetu: benetan behar dut edo behar dudala sinestarazi didate?









Utzi erantzuna