Gaur, ekainak 14, zientzia eta teknologia azoka ospatu da inguruko ikastetxeetako ikasleen partaidetzairekin. Bertan izan gara DBH 1-eko ikasleak, azken asteetan landu dugun “Ibaien ekologia” proiektua aurkeztuz.
Proiektuari hasiera emateko, gelan azalpen orokor batzuk entzun ondoren, ikertzaile baten bisita izan genuen ikastetxean. Honek, ikerketa zientifiko bat aurrera eramateko pausuak zein diren azaldu zigun. Baita egindakoa jendeari komunikatzeko erabiltzen diren posterren egitura nolakoa den ere.
Teoria ondo ikasita, interesgarriena egiteko unea iritsi zen: ibaira joatea neurketak egitera. Gela bakoitzak, Urola ibaiaren zati baten eta errekaren arteko konparaketa egin zuen, kutsadura maila handiagoa non den ondorioztatzeko helburuarekin.
Egindako analisien ondoren, gelan ondorioak atera eta posterretan laburbilduz egindako lana. Poster hauek eta neurketetan erabilitako materiala erakutsiz egon gara, gaur, goiz partean eliz atarian. Jende asko gerturatu zaigu gure azalpenak entzutera, lupetan landareen esporak zein animaliak ikustera, etab.
Esperientzia polita izan da, bai geuk azalpenak ematea eta bai beste ikastetxeetakoek egin dutena ikustea ere.












Utzi erantzuna