“Heldu zaizkigu Eguberriak, hauek bai egun zoragarriak!”
Abestian dioen gisan, “urte guztia egun hauen zain, helduak alai, haurrak ere bai”. Oraindik iazko turroia kendu ezinik gabiltzan honetan, gure artean dugu dagoeneko aurtengo Gabon garaia. Hori horrela, eta ohiturei zintzo jarraituz, gaurkoan ere gabon kanta alaiz jantzi ditugu Azkoitiko kaleak. Ahots bakar batean elkartua ikasle eta irakasleok goiz atsegina igaro dugu baserritar arropekin dotore atonduta.
Goizeko 9.30ean bueltan, eta Balda plaza topalekutzat hartuta, umoretsu hasi dugu ibilbidea. Urtero legez, lehen geldialdiak Zaharren Egoitzan. Horrelako egun berezi batean belarriak gozatzeko kale buelta egiterik ez dutenekin tarte hori igarota, kaleetan zehar barreiatu gara Olentzero bizkar gainean zaindari genuela. Dena den, goiza aurrera zihoan heinean, izan dugu indarrak berreskuratzeko beta ere. Hamaiketako eder batekin sabelaldea gozatu eta zintzurra busti ostean, martxa berreskuratu dugu giro jatorrean, etxeratzeko garaia iritsi den artean.
Eskerrik asko Plaza Berriko elkartean hamaiketako goxua prestatu diguzuenoi: Arana, Maje, Mila, Mailo eta Jabier.
Eta gaurkoan gainera, kategoriazko gonbidatuak izan ditugu, ikastetxetik luzatu zen deialdiari jarraituz etorri zareten guraso, irakasle eta ikasleak guztiak! Mila esker zuei ere!
Argazkiak: Julen Aranbarri, Lorea Arenas eta Alazne Sudupe
Utzi erantzuna