Gaur, Madriletik iritsi berritan, bizi-bizirik dugu bidaia honen baitan piztutako ilusioa, oraindik ez dugu galdu irteerak berekin zekarren emozioa eta primeran gogoratzen dugu geure lagunen alboan igarotako une bakoitza. Jadanik iritsi gara etxera, ez gaude gure aterpetxeko logelan, eta hau horrela izanik, oso zaila egiten zaigu guztia amaitu dela onartzea. Lau egun luze bezain bereziak izan dira, bakoitzaren irrifar txikienarekin, alaitasun eta algaraz jantzi ditugunak.
Hasieratik, guztiok geneukan egunak pasatu ahala handituz joan den ilusio izpi bat. Oporrak hartzeko ilusioa, gure herritik haragoko mundua esploratzeko ilusioa, geure lagun zein irakasleen ondoan momentu berriak bizitzeko ilusioa, Floreagako gure azkeneko ikasbidaiaren oroitzapen polit bat gordetzeko ilusioa.
Gure azkeneko bidaia honi Segovian eman genion hasiera, bertako tokirik esanguratsuenak (Akueduktua, Katedrala, Alcazar-eko Jauregia… barne) bisitatuz. Ondoren, Madrilerantz zuzendu genuen gure iparra, eta bertan, hiru egun zoragarri igaro genituen hiriburuko txoko batetik bestera. Denetik ikusi genuen: Reina Sofia museoa, Warner Bross parkea, Atocha-ko geltokia, Errege Jauregia, Santiago Bernabeu futbol zelaia… eta hau guztia gutxi balitz, Madrilgo kaleetan barna ibiltzeko aukera ere izan genuen, besteak beste, plaza eta kalerik ezagunenak egunez nahiz gauez zapaltzekoa.
Baina hau guztia ezagutzeko aukera izan dugun arren, denon artean sorturiko giroa izan da bidaia hau ahaztezina egin duena. Izan ere, lehendik genituen lagunen ondoan bizipen berriak bizitzeko aukera izan dugu, gutxiago ezagutzen genituenekin harremana sendotzeko aukera, irakasleak beste modu batera ikusteko aukera eta geure egunerokotasunetik at familia berri bat sortzeko aukera.
Bide honi hasiera eman genionean, helburu bakarra jarri genion geure buruari: azkeneko ikasbidaia honek berezia izan behar zuen. Eta gaur, iraganean gelditu diren egun hauei begira jarrita, esan daiteke ondo baino hobeto bete dugula helburu hori. Lau egun hauek deskribaezinak izan dira eta ez dira ahanzturan galduko.
Hitzak: Julene Iturbe
Argazkiak 2: Ruth Arrieta eta Jone Irañeta












Utzi erantzuna