Ingurugelak izeneko ingurumenarekiko hezkuntza-ikastegiek 25 urte bete dituztela ospatzeko eta Eskola Agenda 21eko ezartze sendoari esker lortutako xedeak ospatzeko Iñigo Urkullu lehendakaria, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi Donostiako Kursaal jauregian egin den ekitaldian izan dira gaur. Ekitaldi horretan Euskal Autonomia Erkidegoko laurehun ikasle eta irakasle ere izan dira. Euskal Autonomia Erkidegoko 23 zentrori «Eskola jasangarriaren» saria eman zaie ekitaldi horretan. Ikastetxe horien artean GEU izan gara.
«Eskola gizarterako prestakuntzagune bat da. Familiak, irakaskuntzaz kanpoko pertsonala, udaletan erantzukizunak dituzten pertsonak eta antzerakoak eskolako inguruneetan hezi dira. Curriculumetan eta zentroetako bizitzan sartu dira hondakinen kudeaketa egokia, mugikortasun jasangarria, biodibertsitatea eta antzerakoak, eta ikaslea da proiektuko protagonista», adierazi du Urkulluk saritutako zentroak zoriontzean.
EAEko 118 herritako 460 ikastetxetan, egun, Eskola Agenda 21eko programak daude ezarrita «horrek esan nahi du, gutxi gorabehera, 220.000 ikaslek jasangarritasunerako hezkuntza jasotzen dutela modu erregularrean», nabarmendu du lehendakariak.
Ana Oregik gaur hau esan du: «Ingurumenaz aritzea gure bizitza-egoeraz aritzea da, baita gure jarduerak egiten ditugun testuinguruaz eta gure ekosistemek ematen dituzten zerbitzuez aritzea ere. Horrez gain, azken urteetan herrialde gisa jaso dugun ingurumen-ezagutzaren balio azpimarratzea ere bada.» Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek «eskola gure ohiturei eta kontsumo-lerroei buruz gogoeta egiteko gunea izan da eta halaxe da, orain ere», esan du.









Utzi erantzuna