GU ERE BERTSOLARI PROIEKTUA
Maiatzaren 24an egin genuen emanalditik atera ondoren hitz goxo eta esker onekoak besterik ez genituen entzun Baztartxoko atarian. Ikasleak gustura hain urduri ibili ondoren saioa oso ondo atera zelako, gurasoek gusturago beraien seme-alabak zein ondo aritu ziren eta zein jarrera ona izan zuten ikusi ondoren eta irakasleok ere harro, hainbeste lan egin ondoren emaitza dotorea izan zelako.
Gai ezberdinak izan genituen ikusgai eta entzungai. 6.A mailakoak eman zioten hasiera jaialdiari, telebistan egunero agertzen diren pertsonaien berri emanez edo karikatura eginez. Kirolariak, abeslariak, prentsa arrosa… denetarik ikusleen gozamenerako.
6.B mailako ikasleek munduko herrialde ezberdinak izan zituzten bertsogai. Topikoetatik haratago saiatu ziren herrialde bakoitzaren aberastasuna erakusten haiengandik ikasi dezakeguna aipatuz.
5. mailakoentzat nobedadea zen baina zein ondo aritu ziren! Serio, bai oholtza gainean eta baita ikusle modura ere. Oso ondo ulertu zuten saioa ondo borobiltzea nahi bagenuen ezin zutela txorakerietan ibili eta bakoitzak ahal zuen guztia egin behar zuela gauzak ondo ateratzeko.
5.A mailakoak ausart ibili ziren alkate eta zinegotziei eskaera bereziak eginez eta haiek ere zorrotz ibili ziren erantzunetan.
5.Bkoak berriz mundua beraien gustura antolatzen aritu ziren eta horretarako bide seinale berriak asmatu besterik ez zuten egin: “debekatuta dago eskola joatea” izan zen ezarritako lege berrietako bat.
Emanaldia ikusita polita!, ikusgarria!, ederra! … dira gehien entzuten ditugun komentarioak. Baina guk irakasleok, benetan sinesten dugu Euskara eta komunikazio arloa lantzeko egiten dugun ariketarik osatuenetako dela. Jendaurrean egiten den diskurtso bat da bertso saioa eta edozein diskurtso prestatzeko landuko genukeen prozesu osoa lantzea eskatzen du. Eta gainera ikasleak izugarri ondo pasatzen dute. Zer gehiago eska diezaiokegu …
Hitzak: Mailu Irizar











Oso ondo pasau nun. Aurten azkenengo urtie baino beti geraukonaiz ezperientzixekin burun. Lengo urtik akordatzenaiz eladitun karritukin zemat abentura pasau nittun… JAJAJA
bertsometaz gozatu