Testua eta argazkiak: Mª Axun Epelde
Ikasturte honen lehen hiruhilabetean Darwini buruzko lehiaketan parte hartu eta “Hautespen naturala ” lanarekin irabazi genuen. Saria Donostiako Miramon auzoan dagoen Zientziagunea bisitatzea zen.
Apirilaren 22an, goizez, Donostiako Zientziagunea edo Kutxaespazioan izan gara biologia-geologia irakasgaiko ikasleak eta irakaslea. Han, aurrena planetariumean sartu gara. “ Kartoizko suziria ” izenburua duen proiekzioa ipini digute. Suziri honen bidez Eguzki-Sistemako astroetan barrena bidaia egin dugu, Eguzkia eta planeten irudi eta ezaugarriak ezagutuaz. Ondoren bisita gidatu bat egin dugu zentzumenen, elektrizitatearen, dinamika eta fluidoen ataletan zehar. Zentzumenetan, animalia desberdinek nola ikusten gaituzten eta ikusmenaren bitxikeriak behatu ditugu. Elektrizitate atalean, Xenonezko bonbillarekin atomoaren egituraren antzekoa ikusi eta elektroien mugimendua irudikatzen zuten tximista antzeko argiak, eskua hurbilduz argiak geureganatzen, etab. ikusi ditugu. Dinamika eta fluidoen atalean Arkimedesen palanka frogatu dugu pisuak altxatzeko eta Arkimedesen torlojua ura jasotzeko. Bat edo beste fakirren ohean etzaten ere ausartu da. Dentsitatea eta flotagarritasuna, urakanen sorrera, negutegi efektua, Foucault-en pendulua, Nasan eginiko esferak ekosistemaren materia eta energia zikloekin eta beste hainbat fenomeno azaldu ondoren, bisita gidatua amaitu da. Hala ere, pixka bat gehiago geratu gara barruan beste tresnak ikusi eta frogatzen. Berehala iritsi zaigu autobusera bueltatzeko ordua. Zientziaz gozatzeko goiza izan dugu eta ondo aprobetxatu dugu.











Utzi erantzuna