Alkoholaren inguruan hitzaldi batez eman genion hasiera 2014ko Don Bosco Asteari urtarrilaren 27an, astelehenean, gure antzokian.
Gure artean izan ziren Alkoholiko Anonimoetako A. izeneko gizon heldua eta Al-Anoneko A. eta J. izeneko gazteak. Al-Anon Familian alkoholismoa jasan dutenen pertsonen taldeak dira.
Hiru hizlarik beraien esperientzia kontatu ziguten, barru-barrutik hitz eginez: Lehenbiziko hitzak oso gogorrak izan ziren. “Ni alkoholikoa naiz. Hala naiz, baina orain ez dut edaten. Urte asko daramat alkohol tanta bat edan gabe.” Nork bere bizitza kontatuz adierazi zuten alkoholaren menpekotasunak pertsona bat nola aldatu eta hondatu dezakeen; familian sorturiko amorru, gorroto, lotsa, sekretuak eta kulpa-sentipenak; familia osoan sufritzen den eragina; sentimenduak kanpora atera beharra …
Alkoholismoa gaixotasun bat da eta horrela hartu behar da. Alferrik izango da ezkutatzea, edota aieneka ibiltzea: nola bideratu eta tratatu ikasi beharko da, berandu baino lehen, hobeto bizi izaten ikasteko, zoriontsuagoak izateko, gorrototik maitasunera igarotzeko… Laguntza taldeek eragin ona dute, eta pertsonari arazoak bideratzen laguntzen diote.
Agian gerta daiteke orain gaztetxoek bizi dituzten egoerak hitzaldian entzundako gauzekin identifikatzea; edo gerta daiteke etorkizunean arazo honi aurre egin behar izatea … Al-Anon taldeak bidea eskaintzen diote pertsonari, aurre egiteko. Itxaropenari zabaldutako atea dira. Balizko kontaktua egiteko email helbide bat ere eskaini ziguten.
Gazteen artean sortu zen galdera: Nola jakin alkoholismoa arriskua edo arazo dugun? Horretarako 12 galdera egin daitezke, nork bere barrura begira. Bati baiezkoa ematea nahikoa da kontua arduraz hartzeko.
Mila esker gure lagun hauei, eskaini ziguten hitzaldi hunkigarriagatik. Orain duten bizipozak animatu egin gaitu. Arriskuak hor kalean daudela ere garbi dago. Eta neurriz eta zentzuz bizitzen ikasten dugun!!
Noiz jakin genezake edaria – alkohola – arazo bihurtzen ari dela? Alkohola 12 galdera (dokumentu honek lagun diezakezu)









Utzi erantzuna