HONDARRIBIAN, 3 EGUN FIRIN-FARAN
Asteazken goiza, goizeko 8:45: maletak, motxila txikiak, bokadiloak, biserak…eta batez ere ilusioa. Hori guztia generaman soinean autobusa hartu eta Oiartzungo Arditurri meategi aldera abiatu ginenean. Iritsi ginenerako han genituen gidariak hango berri emateko prest. Oso bisita entretenigarria izan zen meategikoa: orientazio joko batean ibili ziren ikasleak iparrorratza astinduz, meategiaren historiari eta funtzionamenduari buruzko bideo emanaldi bat izan genuen eta ondoren meategian sartu eta bere barneko sekretu eta xehetasun asko ezagutzeko aukera izan genuen. Benetan berria eta interesgarria izan zen han ikusi eta entzundako guztia.
Sorpresa bat ere izan genuen bertan. Goizerdi aldera Jokin Uranga bertsolaria hurbildu zitzaigun agurtzera eta irailean gure artean izango dela gogoratzera.
Arratsaldean, Elkano aterpetxera iritsi eta handik aurrera dena izan zen jolasa, kontu kontari egotea eta disfrutatzea.
Egunez, hondartzan, parkean edota kalean erosketak eginez eta gabean, afalostean, azken asteetan hainbeste entsegu egin ondoren prestatu zituzten dantza, antzerki, abesti, txiste eta bertsoez gozatuz.
Eguraldia ere nahiko jator portatu zitzaigun, ostegun arratsaldeko plana zertxobait aldatu arazi bazigun ere.
Orokorrean nekatuta baina gustura itzuli ginen etxera.
Hitzak: Mailu Irizar
Argazkiak: Irakasleak











Utzi erantzuna