Astebukaera honetan bi ekintza berriei ekin diegu eta arrakasta handia izan dutela esan dezakegu.
Ostiralean, Gazte Gaua antolatu zen lehenengo aldiz. Bederatzietatik zortziak arte berrogeita hamar ausart elkartuta egon ginen lo egiteari aurre eginez. Zeuen buruari galdetuko diozue zertan ibili ginen gau osoan zehar… Afaldu ondoren, askok berriketa alaian jardun zuten, besteak jolasetan ibili ziren bitartean. Hamabiak inguru, kasinoari hasiera eman genion. Parte hartzaileek ahalik eta txartel gehienak lortu behar zituzten. Zertarako? Ordu-batean enkantean atera genituen gazteek etxetik ekarri zituzten lo zakuak, pijamak… eta eskaintza handiak egin ziren bakoitzaren gauzak berreskuratzeko.
Eta segidan, beldurrezko gaua hasi zen. Gazte asko, binaka jarrita, iluntasunean zehar ausartu ziren proposatutako ibilbidea egitera, han-hemenka sustoak, deiadarrak… Indarberritu eta gero, ezkutaketan jolasten ari ginen, gazteak monitoreen kontra. Ez dago esan beharrik monitoreek erraz irabazi egin zutela.
Eta azkeneko orduetarako diskoteka eta bi pelikula laga genituen. Konturatu gabe zazpi t´erdiak ziren. Behin gosaria hartuz gero, etxerako bidea hartu genuen. Gustura egon ginen eta denok ulertu genuen gaua ondo pasatzeko ez dela asko behar, lagunak eta proposatzen denarekin gozatzeko gogoa.
Ordu batzuk pasatutakoan, cyber ghinkana izan genuen Alai Batzan, arratsaldeko lauretatik zazpiak arte. Eta zer zen? Deustu, Gurutzeta, Gasteiz eta Logroñoko salestar aisialdi elkarteekin jolasean ibili ginen. Interneten bidez, beste tokietako ume eta monitoreak ikusteko aukera ere izan genuen. Horrez gain, sailkapena minuturo elkarte guztien puntuekin eguneratzen zen. Lehiaketa honetan umeek probak egin behar zituzten puntuak lortzeko. Denok gozatu egin genuen eta gu bezalako ume eta monitoreak beste hirietan ere badaudela konturatu ginen. Gainera, nahiz eta gauzarik inportanteena ez izan, irabazi egin genuen.
Eskerrik asko monitoreen partetik bi ekintza hauetan parte hartu duzuen guztioi! Hurrengo astebukaeran berriro elkar ikusiko dugu, betiko ordutegian.
ARGAZKIAK IKUSTEKO SAKATU HEMEN.








