Apirilaren 30ean gosearen aurkako lasterketa burutu genuen ikastetxean, HH, LH eta DBHko ikasleen partaidetzaz.
Aurreko asteetan Gosearen Aurkako Ekintza-ko kideen bisita izan genuen ikastetxean, eta goseak munduan eragin duen arazoaz ikasleak sentsibilizatu zituzten. Horren ondoren, ikasleak “babesleen” bila atera ziren, hau da, haien inguruko pertsonengana jo behar izan zuten diru pixka bat eman ziezaioten lasterketa egunean egingo zuten bira bakoitzeko.
Eta lasterketa eguna heldu zen. Hiru eta erdietarako, DBHko Solidaritate Taldekideen lanari esker, dena prestatuta zegoen: zirkuituak, dortsalak, musika-ekipoa… Ordu horretan, ikasleak patiora ateratzen hasi zirela, mikrofonotik lasterketaren helburuak gogorarazi zizkiguten. Argi gelditu zen hezkuntza-proiektu honi esker ikasleak protagonistak zirela gosearen aurkako borrokan, eta horrekin batera, lasterketa ez zela lehiaketa bat izango.
Behin azalpenak emanez gero, mailaka, txikietatik hasita, lasterketei hasiera eman zitzaien. Ikasle bakoitzak bere erritmoan korrika egin zuen, ahalik eta tarterik luzeena eginez. Guztiak, bero handia egin arren, gogoz ahalegindu ziren. Eta bukaeran, berrindartzeko eta ohitura osasuntsuak hartzeko asmoz, partaide guztiei fruta banatu zitzaien.
Patioan giro ederra sortu zen eta guztien ekarpen txikiaz ekimen handia egitea lortu dugu: “pauso bakoitzak munduari emango dio itzulia”. Hala ere, oraindik azkeneko zatia falta zaigu. Hurrengo astean, ikasleek babesleen dirua ikastetxera ekarri beharko dute. Jasotakoa Gosearen Aurkako Ekintza erakundearen esku utziko dugu, Burkina Fasoko umeei laguntzeko dauzkaten proiektuetara bidera dezaten.
Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!
Argazkiak: Iban Garcia, Asier Odriozola, Juan Inazio Sudupe
Bideoa: Iban Garcia
[youtube width=”700″ height=”394″]https://www.youtube.com/watch?v=EaaAQsLHqN8[/youtube]











Utzi erantzuna