
Azkoitia, 2025eko otsailaren 17
Javiri, eskerronez:
Hainbeste urtetan Floreagan gure ondoan aritu eta gero, asko zeukaagu hiri buruz esateko, asko hiri eskertzeko.
Hirekin bizi izandakoez oroitzen hasi, eta ikasleekin batera eta bestera egindako ikasbidaiak dizkiagu gogoan: Barria, Gorliz, Bartzelona, Madril… baina bidaia-mota asko zagok mundu honetan eta horietako batzuk ikastetxe barruan eginak dituk, ikasleen ondoan, haien laguntzaile, orientatzaile, eta hezitzaile. DBH4koekin ikasturte bukaeran Arantzazura egin ohi dugun irteeran ere halatsu hi, azkena zihoanarekin hi, laguntzaile hi.
Floreaga ikastetxeak ia ehun urte dizkik, eta hi izan haiz gure historia honetako protagonistetako bat; ia berrogei urte egin dituk gure artean. Zenbat ikasle izan ote dituk hainbeste urtean, zenbat familia bidean, zenbat lankide ondoan.
Orain hi haiz bidaian doana, eta guk, gaixotasuna tarteko, ez diagu hi behar bezala agurtzeko aukerarik izan. Horregatik, eskerrona adierazi nahi diagu hitzokin, eta hire lanaren zati bat erakutsi irudiekin.
Guretzat ohore bat izan dek hirekin lan egitea, hire lagun izatea eta hi ondoan edukitzea.
Floreagako hire lankideak
Zenbat irrifar marraztu duan
nerabeen ezpainetan
berdin bulego barruan edo
berdin klase orduetan
Javi hainbeste une hirekin
gure oroitzapenetan
mendirik mendi gailurrik gailur
henbilen azken urtetan
orain aurkitu ahalko haugu
Izarraitzko izarretan
Gaixotasuna izanagatik
azken urteetan traba
umore ona, adar jotzea
ez dituk albora laga
borrokalari sutsu izan haiz
borrokalaririk bada
erori arren altxatuz beti
nekaezinen erara
orain bizitzak nahiz ta eraman
bide desberdinetara
beti moduan jarraitu ezak
oroitzen haugun gisara
Tajuzko agur bat nola eman
dena eman digunari
lankideentzat urte askoan
lagun izan dugunari
une zailetan ikasleentzat
babesleku ta zaindari
hainbat famili hainbat gazteren
umore izpi ta argi
hutsune haundi bat geldituko
zaiok gaur Floreagari
eman diguan guztiagatik
bihotzez eskerrak Javi!
Bertsoak: Naia Arrizabalaga









Goizegi joan zera, lagun. Beti gure oroimenean.
Que pena me ha dado la verdad que lo vamos a recordar mucho y para siempre