Juan Inazio Sudupe salestar azkoitiarra Kolonbia aldean dabil, solidaritate proiektu bat gertutik ezagutzen eta laguntzen. Galdera batzuk egin dizkiogu.

Zertara eta zergatik joan zara Kolonbiara?
Medellinera Salestarren “Ciudad Don Bosco” proiektua ezagutzera etorri naiz, batez ere. Egun hauetan Euskadiko lau boluntario dabiltza hemen, proiektu honetan laguntzen eta ni horiekin batera ari naiz, Gazteak eta Garapena fundazioaren izenean etorrita. Bi mutil irakasle dira, GG taldearekin etorriak, eta bi neska, gizarte hezitzaileak, Euskal Jaurlaritzaren boluntario bekarekin datozenak.
Zer lan ari zara egiten? Zeini eskainiko diezu laguntza?
Arriskuan dauden ume eta gaztetxoen aldeko proiektuak ari naiz ezagutzen, eta nire aletxoa ematen ere bai. Medellin hiriko salestarren “Ciudad Don Bosco” etxean nago. 50 urte inguru daramate salestarrek ume eta gaztetxoak babesten Kolonbian. Ume eta gaztetxo asko egoera txarrean dago. Familia askotan egonkortasun gutxi dago, sexu abusu ugari dago, eta jende asko nahiko egoera pobrean bizi da, goseak jota ere bai. Proiektu handi honek gobernuarekin batera lan egiten du gaztetxoen babesa eta arazo batzuen prebentzioa lantzen. Gaztetxoen babeserako proiektuek protokolo estuak dituzte.
Proiektuak atal asko ditu. Nik bi atal landuko ditut bereziki. Orain “Derecho a Soñar – Amets egiteko eskubidea”, proiektuan ari naiz, auzo pobreetan egiten den adin txikikoen prebentzio lanean.
Gerrilan edo talde paramilitarretan aritu diren gazteen gizarteratze proiektu bikaina zuzentzen dute Salestarrek. Hor emango ditut hemengo azken hamar edo hamabi egunak.
Gainera gure parrokietan ere laguntzen ari naiz. Erlijiotasun handia dago, bai kristautasunaren aldetik, bai beste adierazpen erlijiosoen aldetik ere. Jende asko biltzen da mezetara.
Niretzat oso interesgarria izaten ari da Salestarren hemen egiten duten lana bertatik bertara ikustea. Arriskuan dauden gaztetxoen aldeko heziketa eta prebentzio lan bikaina egiten da, erakunde guztiek goraipatzen dute.
Zer behar dago Kolonbian?
Ez dut oraindik gauza asko ikusteko eta ulertzeko aukera handirik izan. Nire lehen inpresioak eta jendearengandik jasotako iritziak hauek dira: Kolonbia berez herri aberatsa da, naturak eman dizkion ondasun asko ditu. Jende alaia da, oso sormen eta kultura handiko jendea… Baina egoera ekonomikoa ez da erraza. Ez da “herri pobrea”, makroekonomiaren ikuspegitik, baina egunero aurrera egiteko zailtasun asko dituen jendea ezagutzen ari naiz.
Asko kexatzen dira gobernuaz. Ustelkeria eta lapurreta egozten dizkiote. Bestalde, badirudi gerrilen eta gobernuaren arteko bakerako bidea ondo doala, baina, diotenez, horrek agerian utziko du benetako gizarteko desoreka, pobreak gero eta pobreago eta aberats batzuk gero eta aberatsago.
Medellin hiri ikusgarria da. Badu erdigune historiko polita, parke ugari dago, Botero eskultorearen estatuak eta guzti, merkataritza handia, industria ere bai. Eta inguruan dena mendi magalak dira. Mendi magal hauetan etxetxo ugari dago pilatuta, oraindik adreilua bistan.
Hirian hiru miloi pertsona inguru bizi da, inguruko herriak kontuan hartuta bost milioi inguru… Lehen egun hauetan aukera izan dut goiko mendietako auzo batzuetan gure proiektua lanean ikusteko. Lan bikaina egiten da, beti heziketaren hildotik; baina premiak izugarriak dira …
Pentsatzekoa da beste herrialdeetan izandakoa zarela laguntzen. Non? Non ikusi duzu laguntzeko premiarik handiena?
Orain urte batzuk Benin eta Togon egon nintzen, udan, hango gure kaleko umeen proiektuak ezagutzen. Benin eta Togoko kaleetan pobrezia gehiago ikusi nuen. Ume asko kalean bizi zen. Kolonbian umeak ez dira “kalean bizi”, lotara etxera joaten direlako, baina gure gazte askok eguneko ordu gehienak kalean ematen dituzte. Drogen kontsumoa ere asko zabaldu da Kolonbian. Lehen droga ekoizlea zen gizartea, orain kontsumitzailea ere bada.
Zerk desberdintzen du Kolonbia gainerako herrialde horiekiko?
Gizarteak biolentzia asko sufritu du azken urteetan, paramilitarrak eta gerrilak zirela eta. Orain lasaiagoa da egoera, baina auzoetan talde batzuek menperatzen dute eguneroko bizimodu guztia, adibidez dendariei jartzen dieten “zerga” edo diru eskarien bitartez. Jendeak konfiantza gutxi dauka gobernuarengan, nahiz eta honek gizartearen aldeko oso lege aurrerakoiak izan.
Nolakoak dira 24 orduak etxetik kanpo?
Hemen oso goiz jartzen da eguna martxan. Goizeko 5:00ak inguruan altxatzen da jendea, 6:00etarako argi dago. Arratsaldeko 6:30ak inguruan iluntzen du egunero.
Goizeko otoitzaren ondoren, proiektuko auzo edo gune batera joaten naiz, busez normalean. Trafikoa zoratzeko modukoa da, batez ere goizean, eguerdian eta arratsaldean. Eguerdiko 12:00-12:30 inguruan izaten da bazkaria edo “almortzua”. Fruita asko eta ona dago, arroz eta artoz eginiko “arepa” edo torta asko jaten dira; haragi ona dago, baina arrain gutxi jaten da.
Astean 6 egun egiten da lan, astelehenetik larunbatera. Langileen eskubideak oso ondo finkatuta daude legez. Praktikan beste gauza bat da.
Etxekoekin hitz egiteko aukerak ere izan ditut, baina kontuan hartu behar hemen zazpi ordu beranduago bizi garela. Azkoitian eguerdia denean, hemen oraindik goizeko bostak dira.
Zein zailtasuna aurkitu dituzu, eta zein da lan horretan gustukoena duzuna?
Zailatasun berezirik ez dut aurkitu. Hizkuntza ulertzea ez da erraza beti, nahiz eta gaztelaniaz hitz egiten dizuten. Antioquia departamentuko “paisak” (honela esaten zaie) hitz egiten duten gaztelaniak Espainiako gaztelaniarekin zer ikusirik batere ez duten hitz eta esamolde asko ditu, eta hasieran batzuetan ez duzu ezer ulertzen.
Zailtasunik handiena baliabide ekonomikoen arazoa da ume eta familia askorentzat.
Gustukoena jendearen harrera da. Osa abegikorrak dira. Mendi magaletako auzoetan ume eta familien harrera ikusgarria da.
Zerk bultzatzen zaitu beste pertsonei laguntza ematera?
Nire ustez, justiziazko kontu bat da mundu hobeago bat egiten laguntzea, ahal den neurri txikian bada ere. Bestalde ni salestarra naiz, kristaua eta apaiz. Nire ustez, ezin gaitezke ezer egin gabe gelditu herri pobretuen beharraren aurrean. Ebanjelioak besteei ahal den neurrian laguntzea eskatzen du.
Noiz arte egongo zara?
Abuztuaren 6an daukat itzulerako hegazkina. Andremaixek herrian igarotzeko asmoa daukat.
Esperientzia gomendagarria al da?
Bai. Beti da interesgarria beste herrietako egoerak ezagutzea, eta boluntarioa izateak norberari ematen dio laguntzarik handiena. Herriko gazteei gomendatuko nieke boluntario zerbitzu bat aukeratu eta aurrera eramatea. Guru inguruan bertan ere izan daiteke, gizarteko hainbat arlotan. Gure Kolonbiako kasu honetan, boluntariotza luzea samarra komeniko litzateke, egoera sakon ezagutu eta laguntza benetan baliagarria eskaintzeko. Baina aukera asko egon daitezke, agian unibertsitatea amaitzean, bizitza norberaren eskuetan hartu eta besteen alde denboraldi bat emateko …









Utzi erantzuna