Aurtengo maiatzaren 23an ez zaigu ahaztuko denbora pixka batean!! Festa bikaina izan genuen Floreagan, Maria Laguntzailearen eguna eta Don Boscoren jaiotzaren berrehungarren urtemuga ospatzeko.
Arratsaldean, puzgarriak eta jolasak izan genituen: txikientzat gaztelua eta tobogana eta jauzika aritzeko bi gaztelu txiki, zezen mekanikoa, “sega” baten antzean, behetik eta goitik, ekidin beharrezko oztopoak ere bai … Nonahi irribarreak, edota algarak, … dibertsioa guztientzat.
Kirol partidak ere izan genituen: futbol txikia eta saski-baloi partidak … Gymkana zoragarrian gurasoak eta haurrak bat eginik han ibili ziren hainbat froga gainditzen, talde bakoitzaren ikurra tokirik altuenean lagatzeko …
Patatadun tortilla lehiaketa ere izan genuen: zazpi tortilla bikain aurkeztu ziren … “Zu epai mahaikoa al zara?” galdetzen zuten. “Ez, baina gustura izango nintzateke …”. Bitartean Alai Batzaren gela eta jolasak ere denen eskura egon ziren.
Eguraldia ere oso ondo portatu zen, gaueko 8:00ak ingurura arte. Ateri eutsi zion, nahiz eta euri mehatxua bota behin eta berriz …
Eta 9,00ak inguruan frontoira bildu ginen guztiok. Han 450 lagunentzat mahiak eta aulkiak oso ondo kokaturik zeuden … eta apaingarri ugari zegoen, tartean gure mezuak uzteko murala ere bai. Oholtza txiki batetik, lehen oharrak jaso ondoren, otoitz labur bat egin genuen, AB koruaren pare bat kantu eta poema batzuekin. Eta gero … afari gozoa egin genuen, bakoitzaren gustuen areberakoa.
Kantuak, dantzak … izan genituen jarraian. Baita solidaritate Bingoa ere, Beningo kaleko umeen alde. Kafe eta pastak eskaini zitzaizkien afari-kide guztiei. Eguneko ekintzen sari banaketaren ondoren, animazioz beteriko diskotekak eman zion amaiera festa eder honi, ordu txikietan!!
Merezi zuen Maria Laguntzailea eta Don Bosco ondo ospatzea!!! Eskerrik asko festa eder hau prestatu duten guztiei!!!
Hitzak eta argazkiak: Juan Inazio Sudupe
[youtube width=”700″ height=”394″]https://youtu.be/PwyJ4Imtdqo[/youtube]












Utzi erantzuna