Hizkuntza bat lantzea ulermena eta adierazpena oinarritzat hartzea da. Hori da gutako edozeinek hizkuntza berri bat ikasten hasten garenean lortu nahi duguna; bai ahoz eta bai idatziz ulermen eta adierazpen maila egokiak lortzea.
Eremu zabal horretan ahozkotasunak bere biziko garrantzia du eta hori da euskarako klasetan lantzen dugun arloetako bat. Lehen Hezkuntzako 3. zikloan ebaluaketa bakoitzean prestatu behar izaten dute ikasleek ahozko saio bat edo beste eta aurten, iaz bezalaxe, prestaturiko saio horiek ikasle txikienen aurrean antzeztea erabaki dugu.
5. mailakoak (2 talde) HH 4 urteko geletatik pasa ziren , “bertsotan” , Txanogorritxoren ipuina antzeztera eta oso ondo aritu zirela esan behar dugu, doinu eta tonu egokian.
6. mailan ere bi taldek prestatu zuten antzerkitxoa. Hauek eskolaz kanpo egin zuten prestaketa, “Hiru olatuen” kondaira antzeztu zuten HH 5 urteko gelakoen aurrean. Hauek ere oso ondo aritu ziren. Eta garbi esan behar dut oso lagungarri izan zutela “Bertsolharitza” (On Bosko astean izan genuen bertso-antzerki emanaldi berezia) saioan ikusi eta ikasi zutena. Talde honetan sorpresatxo bat ere izan genuen: txikienek antzerki bat zuten prestatuta guri eskaintzeko. Zoragarria izan zen txiki horien naturaltasuna eta maisutasuna ikustea.
Ez dakit txikienek gozatuko zuten, baina 5. eta 6. mailako ikasleek zein ondo pasa zuten adierazi dezaket. Eta ez hori bakarrik, zenbat ikasi zuten ere bai!
Hitzak: Mailu Irizar
Argazkiak: Maje Zubizarreta











Utzi erantzuna