Musikariak ikastetxeetan programaren helburua ez da soilik musikariek eskolan kantu-saio batzuk eskaintzea. Programa hau formazio eta transmisio programa bat ere bada. Sortzaileek, musikariak kasu honetan, euren esperientzia eta lana aurkezten diete ikasleei, baina testuinguru baten barruan. Euskal kantagintzaren baitan kokatzen du bere esperientzia musikariak. Era honetan, ikasleek adibide partikular bat ezagutzeaz aparte, ezagutza global bat ere jasotzen dute azken hamarkadatako euskal kantagintzaz. Ikasleak musika kultura oso batekiko esperientzia eta ezagutza jasotzen du, erabat modu atseginean.
Gaurkoan, DBH4koek Paxkal Irigoyen, Ainiza-Monjolostarra (Nafarroa Beherea), ezagutzeko zortea izan dute programa honi esker. Hainbat galdera egiteko aukera izan dute eta berak zintzoki erantzun ditu guztiak. Bere abesti batzuk ere abestu ditu eta baita ikasleak “lanean” jarri ere: musika sortzen, hain zuzen ere. Azkenik, guztiak dantzatzera animatu ditu. Berak adierazi digu ez zaiola gustatzen denbora guztian entzuleak berari begira egotea, musika sentituaz goza dezaten ere nahi duela, berari begira egon gabe. Horrela bada, 90 minutuko saioa elkarrekin dantzatuz, musikaz gozatuz, amaitu dute!
Mila esker, Paxkal, eta izan huntsa!
Utzi erantzuna