Urtarrilaren 29an, Don Bosco Astearen ekintzen artean, bertso saio bikaina izan genuen Floreaga Ikastetxeko aretoan. Aitor Sarriegi eta Alaia Martin bertsolariak aritu ziren ia eten eta atsedenik gabe ordubetez. Gaiak jartzen aritu ziren Julene Iturbe eta Juan Inazio Sudupe. Julenek, gainera, puntuak eman zizkien Aitor eta Alaiari.
Bertsolariak oso ondo aritu ziren, banaka eta binaka. Doinu eta bertso modu ugari erabili zituzten. Lehen agurren ondoren, ilargitik mundura begira hemen ikusten zutenaren berri eman ziguten; azterketetan kopiatzen harrapatu zituzten, hainbat pertsonaia ospetsu zeruan sartu ala ez eztabaidatu zuten, San Pedrok zaintzen duren atean; irratian galdera “txokanteak” egin zizkieten; munduan, Europan eta Euskal Herrian berri onak eman zituzten Teleberrian; Begiak eta Barrea deskribatu zituzten; DBH irakasleen eta ikasleen nondik norakoak zehazki deskribatu zituzten; bazterketa eta bullyinga sufritzen duen ikasle batengana laguntzera hurbildu ziren; gai bat entzutean bertsoak nola osatzen dituzten adierazi ziguten; Caritasen boluntario eta janari eske doana izan ziren; Anoetan futbol partida jokatu aurretik Maialen Lujanbioren bertsoak entzun dituzten Leo Messi eta Igor Zubeldia izan ziren …
Azkenean omenaldi xume bat egin zitzaion Juleneri, aurten ere bertso jarrietan Balendin Enbeita txapelketa irabazi baitu.
Giro onean joan zen bertso saioa. Alaia eta Aitor asko saiatu ziren euren entzuleen egoerara moldatzen, eta baita ondo lortu ere!!! Mila esker zuen laguntasun handiarengatik!!!











Utzi erantzuna