On Bosco astearen barruan gaurkoan musikari eskainitako eguna izan dugu.
Aurtengoan azken hilabeetan hain ezaguna egin den HUNTZA taldeko bi kide izan ditugu, Josune Arakistain eta Aitor Huizi. Nork ez du entzun eta abestu denon buruan eta ahotan dabilen “Aldapan gora”? Ba gaur gurean egile eta abeslariak izan ditugu.
Hasiera batean DBHko ikasleentzat prestatuta bazegoen ere, LHkoen ikasleen eskaera kontuan hartu eta 16:00etan hasi beharrean 15:00etan hasi gara. Denak pozik sorpresarekin!
DBHko saioan Maddi Oteiza eta Maria Arrieta izan ditugu gidari, beraien lana ere aipatzekoa da.
Bai LHko ikasleek, bai DBHkoek ere taldeari buruz detaile dexente ezagutzeko aukera izan dute. Abestiak nola sortu dituzten, musika, letra, diskoa nola grabatu duten, taldea nola sortu zen, izena nola aukeratu zuten… detaile pilo bat. Letrak egiterakoan gaur egungo emakume bertsolari gazteak nabarmendu nahi izan dituzte, diskoaren beste letra batzuk Josunek berak egindakoak dira.
Beraiek unibertsitate ikasleak izanik entsaioak nola eta noiz egiten dituzten ere kontatu digute.
Anekdota parregarri batzuen berri ere izan dugu. Amezketako kontzertua, Urkullu lehendakariaren Urtezahar eguneko mezuan “Aldapan gora”ren aipamena, denetik hitz egiteko aukera izan dugu. Umorea ez da falta izan, ezta musika ere! Zuzenean bi abesti entzuteko eta abesteko aukera izan dugu.
Sekulako giroa izan dugu On Bosco antzokian, arratsaldea motz egin zaigu. Asko eskertu dugu guregana etorri izana eta horrelako gertutasunarekin gure galderak erantzutea.
Hurrengoan Azkoitiko enparantzan ikusteko gonbita luzatu diegu. Ea horrela den!
MILA, MILA ESKER!
LHkoen argazkiak: Maribel García.
Utzi erantzuna