Indarrak batuz, aurre egin indarkeriari!
Azkoitiko Ikastetxe guztiok, eta Azkoitiko Udalak urteak daramatzagu indarkeria matxistaren aurka lanean. Eskola bakoitzean, ikasleak berdintasunean hezteko ahalegina egiten dugu, pertsona gisa guztiok dugun duintasunerako eskubidea aldarrikatu eta egun oraindik dagoen sexismoaz jabetu eta aurre egitera adoretzen ditugu. Era berean, azken urteotan, Azpeitiko eta Zestoako eskolekin eta udalekin batera Hezkidetza Foro bat osatu dugu eta guztion artean berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko ekimenak jarri ditugu martxan.
Horrela, duela 3 urte, protokolo bat sinatu genuen, gure herrietan indarkeria matxista kasurik gertatuz gero, eskoletan eta gazte lekuetan gaiaren lanketa egiteko konpromisoa hartuz. Horrez gain, urtero-urtero, azaroaren 25aren inguruan, indarkeria matxistari buruzko lanketa bereziak egin izan ditugu herriko gazteekin.
Aurten urrats berri bat eman nahi izan dugu eta gure ikasleekin batera, kalera ateratzea erabaki dugu eta horretarako antolatu dugu gaur aurkezten dugun ekimen hau.
Azaroaren 25ean, Azkoitiko DBH eta Batxilergoko ikasle eta irakasle guztiak Balda plazan elkartuko gara eguerdiko 12:30ean eta handik oinezko martxa bat egingo dugu Plaza Nagusiraino. Bertan, indarkeria matxistaren aurkako gure konpromisoa adierazteko ekitaldi txiki bat egingo dugu. Era berean, herriko LH eta HHko ikastetxeetan ekimen ezberdinak egingo ditugu egun berean.
Gure ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoak ekimenean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu eta ekimenera beltzez jantzita etor zaitezten eskatzen dizuegu.
Utzi erantzuna