BERTSO DOINU ETA MOZORROEN ARTEAN GIRO ONA ETA UMOREA NAGUSI
Aurten maiatzaren 25a izan da “Gu ere bertsotan” proiektuaren egun handia. Urte osoan lanean aritu ondoren, bertsolaritza saioek eman duten fruitua erakusteko garaia iritsi da eta urte osoko ahaleginak emaitza onak eman dituela esan genezake.
Aurten ere lau gai aukeratu eta lanari ekin genion apirila inguruan: Euskal Herriko inauterien berri eman digute 5A gelakoek, gure herrira etorritako estralurtarrei erantzunez ibili dira 5B gelakoak, 6Akoekin berriz 50. hamarkadaraino joan gara eta garai hartako jolasak ekarri gogora eta 6Bkoak berriz anbulatoriora bueltaka ibili dira inoiz, inon entzun eta ikusi ez diren gaixotasunekin kezkatuta.
Ordu bete pasatxoko saioaren ondoren komentario berdinak ikusle eta parte hartzaileen ahotan: “oso polita izan da”, “gaurko saioari 10a jarri dakioke”, “ze ondo portatu diren”, “detaileak ondo zainduta zeuden”… Neu ere denekin ados eta urtero bezala neurea gehitu nahi nuke: Euskara lantzeko modurik aproposena… gozamenetik abiatuz sormena lantzea.
Eta plaza begira dagoen orri honetatik eskerrak eman nahi dizkiet Baztartxon lagundu didaten irakasle guztiei. Mila esker ikasleen ardura hartu duzuenoi eta argazki kamera eta bideo kamerarekin aritu zaretenoi.
Era berean mila esker mozorroak osatzen lagundu didazuen guztioi.
Hitzak: Mailu Irizar
Argazkiak: Gorka Zubizarreta
Utzi erantzuna